
Atzoko udalbatzarra
Atzo ilunabarrean ekaineko ohiko udaltzarra izan zen eta bertan kale garbiketa eta hondakinen bilketa egiteko CESPA enpresari luzatu dio beste sei hilabeterako. Proposamena gobernu taldearen botoekin atera zen aurrera, EAJ eta H1 abstenitu egin ziren. Gai zerrendako beste puntu gehienak ahobatez onartu zituzten; hala nola, Audele baserriaren ondotik doan herri bidea berreskuratzea. Kasu horretan usurpazioa aipatu zuten eta bidea berreskuratzeko prozesua onartu zuten. Ibargain Musika Eskolan ikasiko duten ikasleei bekak ematea ere onartu zuten.
Horrez gain, Oarsoaldea Garapen Agentziako 2013rako Gestio Plana ere onartu zuten, baina kasu honetan EAJ eta H1en abstenitu egin ziren. Horrela, Oiarzungo Udalak 328.921,85 euro emango dizkio garapen agentziari.
Bestalde, ohi bezala protokolo gastuak jakinarazi zituzten; ekainean, 9,48 euroko gastua izan da, edalontzietan. Madalensoroko aparkalekuetan 30 erabiltzailek eskaera egin dutela jakinarazi zuten. Hilabete hauetan martxan dagoen Hirigintzako Plan Orokorraren parte hartze prozesurako laguntza jaso dutela ere azaldu zuten; Gipuzkoako Foru Aldundiak 12.000 euroko diru laguntza eman du.