
Sei hilabete eta urtearen balantzeen ostean, gaur, Errenteriako Udalean egin duen bi urteen balantzea egin du Bilduk eta Errenteriako Ezkerrak osatzen duen udal gobernu taldeak. Zentzu horretan, Julen Mendoza alkateak adierazi du “bi urte gogorrak baina emankorrak” izan direla, eta “norabide berri batera jartzen” ari direla herria, “estrategikoki eta aldaketari dagokionean”.
Duela urtebeteko adierazgarriak “berretsi” dituela adierazi du Mendozak: gutxiengo gobernu taldea izanagatik, beste taldeekin akordioak lortzeko gaitasuna eta erabaki estrategikoak hartzeko gaitasuna erakutsi eta politika beste era batera egiteko planteamendua egin duela, gardenago eta parte hartzaileagoa.
Zentzu horretan, lehenengo puntuari dagokionez, kudeaketarako oinarrizkoak diren akordioak lortu dituztela gogorarazi du alkateak: 2012 eta 2013ko aurrekontuak (gainera, bakoitzak talde desberdinekin lortutako akordioekin atera direla aurrera zehaztu du, lehenengoak EAJrekin eta bigarrenak, PSE-EErekin) eta ordenantza fiskalak. Horrez gain, udalbatzarrera eraman dituzten proposamen nagusiak ere aurrera atera direla esan du.
Erabaki estrategikoen mailan 2025eko plan estrategikoa martxan jarri dutela azaldu du, eta horrelakorik ez dela herrian orain arte egin. Prozesu parte hartzailean 1.000 lagun inguruk parte hartu dutela gaineratu du. Ardatzetako bat Kultura eta Sormen kulturala da, “industriaren gainbeheraren alternatiba”, Mendozaren arabera; eta horren ildo nagusiak Lekuonan proposatu duten dantza eta arte eszenikoen zentroa, bi liburutegiak (Erdialderako eta bestea auzo garaienetarako) eta alde zaharraren eraberritzea (Artiola, Torrekua eta Euskal Jantzien Museoa) direla zehaztu du.
Auzo batzarrak
Azken puntuari dagokionez, berriz, “herritarrengandik gertu” dagoen politika egin dutela iritzi dio Mendozak, eta zentzu horretan, gestioa egiteko “herritarrekin etengabeko eztabaida” izan behar dela adierazi du. Hala, 2011an egindako auzo batzarrekin jarraituz, aurtengo udazkenean berriro egingo dituztela jakinarazi du: “Hasieran esan genuen bezala, legegintzaldiaren hasiera, erdian eta bukaeran”.
Mendozak, azkenik, Kabiaren garrantzia nabarmendu du, eta baita normalizazio politikoan emandako urratsak ere, “udal talde politiko guztien lanari esker”. Horren adibide bezala agertu du Eraikiz.
Alkatearen ondoren, zinegotzi bakoitzak puntuz puntu argitu du bere sailetan egin duten lana. Irune Balentziagak Kultura, Hezkuntza eta Euskara sailetan egindako lanaren berri eman du; Jose Manuel Ferradasek Ingurumena eta Dibertsitatean egindakoarena; Garazi Lopez Etxezarretak Berdintasunean egindakoa; Jon Txaskok Ogasuna, Gizarte Zerbitzuetan eta Garraioan egindakoa, Alazne Kortak Barne Antolamenduan egindakoa; Unai Unsuainek Gazterian egindakoa; eta Luisma Diezek Hirigintzan egindakoa.