Irungo alde zaharreko bizilagunek jaiak "errespetuz" ospatzeko eskatu dute
Irungo Alde Zaharra-San Juan Auzo Elkarteak jaiak “errespetuz” ospa ditzatela eskatu diete irundarrei. Izan ere, alde zaharrean zein San Juan inguruan jaietako ekimenik gehienak egiten dira, jende asko biltzen da gune horietan jaietako egunetan goizetik goizaldera, eta horregatik, “bizilagunen deskantsuarekiko errespetua eta gizalegezko portaera” izan dezatela eskatu diete jaietan murgilduta egongo direnei: “Kalea ez zikintzea, etxeen atari eta izkinetan pixarik ez egitea, borrokak ekiditea, soinua gutxitzea…”.
Hala, zonalde hori jaietan jendez gainezka ikustea “pozgarria” dela uste dute auzo elkartekoek, “baina festa eskubideak ez du bizilagunek deskantsurako duguna urratu beharrik, ezta gure portal, kale eta plazen egoera okertu beharrik ere”.