Espainiako Errepideko Txapelketa irabazi du Ane Santesteban txirrundulariak (Errenteria-Orereta, 1990), eta astebete igaro ez dela, Giroari begira jarri da. Bihar jarriko da martxan Bizkaia-Durango taldearekin, eta igandean hasiko da lasterketa. Bigarrena Giroa du aurtengoa, eta urteko zita garrantzitsuena izanda, aurrean egoten saiatuko dela adierazi du, baina era berean, lasterketa luzeena dela kontuan izanda, ea gorputzak nola erantzuten dion zaintzen egongo dela.
Maila absolutuan irabazi duzun lehenengo garaipena izan da. Zure ibilbidean zer nolako pisua izan du Espainiako Errepideko Txapelketa irabazteak?
Handia. Azkeneko lasterketetan beti bigarren edo hirugarren tokian geratzen nintzen, eta pixka bat blokeatuta nengoen. Orduan, niretzat lasterketa bat irabazteak, eta gainera, horrela, segurtasuna eman dit, batez ere orain Girora goazelako.
Lasterketa aurretik irabazteko sentsaziorik bazeneukan?
Helburua beti daukazu, beti nahi duzulako irabazi, baina banekien Ana Sanchis, nire taldeko valentziar bat, oso indartsu dagoela: erlojuaren kontra 40 segundo sartu zizkion bigarrenari. Orduan pentsatzen nuen irabaziko zuela, eta hasieratik hautsi egingo zuela lasterketa guztia. Baina lasterketa hasterakoan, berarekin hasi nintzen hizketan, eta esan zidan ‘begira, ez ditut nire sentsazio onenak, orduan, zure lasterketa egin, saiatu aurrera joaten, eta ea lortzen duzun’. Hori esandakoan, hazi bezala egiten zara. Orduan, mugimendu guztietara egon nintzen. Lehenengo kataluniar batekin joan nintzen aurrera, atzetik harrapatu gintuzten, eta gero, bakarrik saiatu nintzen aurrera joaten. Azkenean bakarrik iritsi nintzen helmugara, bi minutu sartu nizkion bigarrenari. Niretzat oso lasterketa ona izan da.
Lasterketa bat irabazteak, eta gainera, horrela, segurtasuna ematen dit, batez ere, orain, Girora goazelako”
Alde handia atera zenion bigarrenari. Kanpotik ikusita, lasterketa erraza izan dela dirudi. Barrutik hala bizitu zenuen?
Ez. Espainiako Txapelketak beti izaten dira arraroak, dena kontrolatzen… Hori ikusita, nik nire aukerak baliatu nituen. Belen Lopez eta Ana Sanchis [berak irabazi zuen erlojuaren kontrakoa bi egun lehenago] beti kontrolatzen zihoazen. Nik eduki nuen aukera libreago egoteko. Horri esker, aurrera joan nintzen eta nahiko erraz irabazi nuen.
Halako aldea ateratzea zerbait berria izan da ala agian besteak baino maila bat gorago zauden seinale da.
Ez. Agian inteligenteago jokatu nuelako lasterketan. Denak kontrolatzen ari ziren atzean, eta ikusi nuen hori zela momentua eta aurrera joan nintzen. Egia da sentsazio onak izan nituela, baina batez ere inteligenteago jokatu nuelako.
Orain Espainiako Txapelketa eta gero, Girora zoazela aipatu duzu.
Bai. Ostiralean goaz hara [bihar], eta igandean hasten da lasterketa. Eta azkenean, txirrindulari neskentzat egutegiko lasterketarik garrantzitsuena da. Beti eduki dut hori buruan. Egia da Emakumeen Bira ere bukatu nuela eta bira ona egin dudala. Baina hortik aurrera, Giroan pentsatzen ibili naiz.
Giroan zein helburu dituzu markatuta?Giroa zailagoa da, maila handiagoa delako. Baina lehenengo hogeien artean bukatzea. Horrez gain, nahiko nuke etaparen batean edo aurrean ibiltzea: erakutsi zein naizen, eta hurrengo urteari begira, beste taldeek ikus nazaten.
Giroa lehenengo hogeien artean bukatze gustatuko litzaidake”
Lehenengo Giroa al da zuretzat?
Ez. Iaz egin nuen lehenengoa, baina beste maila batean. Orain nire bigarren Giroa da, eta pauso bat eman dut aurrera. Nahiko nuke ikustaraztea.
Giroak beste lasterketek baino gehiago irauten du, horrek ere prestaketa handiagoa eskatuko dizu.
Gauza da ezin izan dugula oso ondo prestatu. Azkeneko momentura arte ez digute esan Girora joango ginenik. Orduan, prestaketa izan da ahal izan dugun moduan. Hamar egun dira, eta ez dakit nire gorputzak nola erantzungo duen. Badakit ondo nagoela, baina hamar egun dira eta luze egin daiteke. Urtean zehar horrelako lasterketarik ez dugu izaten. Beti lauzpabost egunekoak izaten dira.
Urtean zehar zein prestaketa fisiko egiten duzu? Nola entrenatzen zara?
Egunero entrenatzen dugu, bizpahiru ordu egunean. Gero ere txirrindulari izateak ekartzen du 24 ordu horretara dedikatzea. Entrenatu, deskantsatu, janaria asko zaindu behar da… Zaila da. Aurten bi helburu nagusi eduki ditut: ekainean eduki nuen Emakumeen Bira eta orain Giroa, eta gero Giroa ondoren atseden hartuko dut, eta irailaren bukaeran jokatuko den Munduko Txapelketa prestatzen hasiko naiz.
Munduko txapelketan aurretik bitan parte hartu duzu Espainiako selekzioarekin. Nolako esperientzia izan duzu?
Azkeneko urtean oso ondo nengoen fisikoki. Mutilekin entrenatu nintzen aurreko asteburuan eta 20.en egin nuen. Horrek esan nahi du oso ondo egotea. Kontua da erori egin nintzen aurreko Munduko Txapelketan, baina gai izan nintzen jarraitzeko, pelotoian sartu nintzen eta 30.en egin nuen. Aurtengoari begira, ibilbidea begiratzen, oso-oso polita da, oso gogorra, eta ondo datorkit. Beraz, gustatuko litzaidake ondo egotea eta ondo prestatzea.
Zein helbururekin joango zara?
Aurrean sartzea. Badaude bospasei beste maila batean daudenak, eta haiekin egotea ia ezinezkoa da. Baina bigarren talde batean sartzea oso ona izango da niretzat.
Urtean zehar nola izaten duzu agenda?
Nik asteburu guztietan korritzen dut. Emakumeentzako lasterketa gutxi daude, sei edo zazpi Euskal Herrian. Zorte handia eduki dugu Holanda eta Belgikako lasterketetan parte hartu duelako. Hemen Gazte Mailako mutilekin ateratzen naiz, eta beste puntu bat ematen dizu. Ez korritzea niretzat zaila egiten da. Nahiago dut asteburu guztietan lasterketa eduki, eta horrek azkenean mantentzen zaitu beste errutina batean.
Emakumeentzako lasterketa gutxi daude, sei edo zazpi Euskal Herrian”
Noiz hasten duzue denboraldia?
Martxoaren hasieran, Holandan. Irailaren bukaerara arte. Mundiala eta gero hilabete edo hilabete eta erdi deskantsatzen dugu, ezer egin gabe, erabat deskonektatu, azkenean luze egiten baita denboraldia. Azaroan edo hasten gara mendira joaten, korrika egiten, gimnasioa, igeriketa… beste kirol batzuk. Abenduan hasten gara astean behin edo bitan bizikleta hartzen. Egiten ditugu kilometro asko 140 kilometro inguru fondo bat hartzeko.
Non entrenatzen duzu?
Hemen inguruan: Orio edo Zarautz.
Norekin joaten zara?
Grupeta deitzen diogu. Hamabost bat gara. Horrela errazago entrenatzen gara. Bestela, egunero bakarrik entrenatzea zaila egiten da. Badaude egun batzuk, serieak egin behar ditudanean, bakarrik atera behar naizela. Gaur [atzo], adibidez, entrenamendu espezifiko bat neukan, baina beste batzuetan jendearekin.
Badago beste neskarik?
Bakarra ni naiz. Ohituta nago. Txikitatik mundu honetan beti mutilez inguratuta egon naiz. Orain pixkanaka emakume gehiago ari dira ikusten. Kadeetan 40 inguru ateratzen dira karrera guztietan, baina gero normalean utzi egiten dute.
Txikitatik mundu honetan beti mutilez inguratuta egon naiz”
Zergatik gertatzen da hori?
Zaila da. Azkenean gauza asko utzi behar dituzu. Lagunekin gutxitan atera naiteke. Orduan pentsatzen dut horregatik dela. Euskal Herrian zortea daukagu lasterketak hemen badirelako. Baina badaude astebururo Murtziatik etortzen direnak ere. Zaila da, eta hemen ez dago dirurik.
Honetatik bizitzeko moduan izango zara noizbait?
Orain laguntza bat ematen didate, baina batik bat gurasoen laguntza dut. Oso emakume gutxi dira txirrindularitzatik bizi daitezkeenak. Estatu mailan Leire Olaberria bakarrik da txirrindularitzatik bizi dena. Aurten saiatzen ari naiz lasterketa on batzuk egiten ea kanpoko talderen arreta deitzen dudan datorren urteari begira. Euskal Herrian eta Espainian ezinezkoa da.