UEUn ikastaroak egingo dituzten oiartzuarrei laguntza emango die udalak
UEU Udako Euskal Unibertsitatean laster hasiko dira ikastaroak eta bertan parte hartzen duten ikasle zein langabetu oiartzuarrei 185 eurora arteko laguntza emango die Oiartzungo Udalak. Irailaren 9a da agiriak aurkezteko azken eguna.Laguntza jaso ahal izateko hainbat agiri aurkeztu behar dira udaletxeko informazio bulegoan; hala nola, UEUk emandako ziurtagiria, matrikularen ordainagiriaren kopia eta 2012/2013 ikasturtean langabetu edo ikasle izan denaren frogagiria. Ikastaro bakoitzeko matrikularen eta egoitza gastuen erdia ordainduko die udalak.
UEUri ere laguntza
Udako Euskal Unibertsitatea berari ere laguntza emango dio udalak, 200 eurokoa hain zuzen. Udalak 1997tik ematen ditu laguntza hauek, “Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren barruan, euskararen aldeko motibazioa sustatzeko, herritarren artean euskarazko ezagutza handitzeko eta UEUren lana aitortzeko ematen ditu udalak diru laguntza horiek”.