
Ile-apainketa ikastaroko ikasleak
2012-2013an Bidasoa Bizirikek antolatutako enplegurako prestakuntza ikastaroetan parte hartu duten 74 lagunentzat amaitu da ikasturtea. Denek, Bidasoa eskualdeko enpresetan praktikak burutu dituzte eta joan den ostiralean egin zuten diploma banaketa Irungo Oiasso Erromatar Museoan.
Ostiraleko ekitaldian Miguel Angel Paez erakunde publikoko presidenteak ikasleen ahalegina eskertu zuen: “Diplomak banatzea, pertsona horiek guztiek egin duten ahalegina aitortzea da; hain zuzen, beren gaitasun profesionak hobetzeko ahalegina, lan-merkatu konplikatuaren erronkei aurre egite aldera”.
Orotara, sei ikastaro antolatu dituzte ikasturtean Irun zein Hondarribiko udalek, Bidasoa Biziriken bitartez: Sukaldaritza eta zerbitzuak, Ekipo mikroinformatikoak mantentzea, Ile-apainketa, Geriatriako laguntzailea, Azaleren eta altzarien garbiketa eraikin eta lokaletan eta Java programazioa mugikorretarako. Ikastaroen finantzazioa Lanbide, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren eskutik etorri da.
Bidasoa Bizirikeko presidenteordeak, Juan Mari Altuna hondarribiarrak, ilusioa ez galtzeko eskatu zien diploma jaso zutenei. “Garrantzitsua da benetan ilusioa ez galtzea eta konpromisoa eta iraunkortasuna mantentzea, behin lortuta diploma, toki bat lan-merkatu zailean egitea”, esan zien.