Pasaiatik Beraunera eta Pasaiatik Langaitz eta Don Bosco ikastetxetara dagoen bidea konpontzeagatik, eskerrak eman dizkiote Errenteriako Udalari bi zentro horiek.
Bide hori urteetan “iluna, zikina, lizundua eta arriskutsua” egon izan dela azaldu dute Oskar Ibarguren Langaitzeko zuzendariak eta Nikolas Sagarzazu Don Boscokoak. Hala, bertako bizilagunez gain, batez ere kaltetuak bi zentroetako ikasleak izan direla gaineratu dute.
Udalak, aurten, ordea, euren eskaerak erantzun dituela jakinarazi dute: “Pasaiatik hasi eta Beraungo igerilekuetaraino argiak jarri ditu, baita Pasaiatik hasi eta ikastetxeetara doan bidearen bukaeraraino”. Bide guztia garbitu dutela esan dute, “baita inguruko zelaiak ere, urteetako sasiz josiak zeudenak”. Goroldioa garbitu, eta eskailera arriskutsuak dauden tokian eskuentzako heldulekuak jarri dituztela adierazi dute.