Ion Areitio: "Ez nuen espero horren aurrean ibiltzea"
Beheko maila guztietan Munduko Txapeldun izandakoa da Trial modalitatean aritzen den Ion Areitio txirrindulari hondarribiarra. Baina hori gauza bat da eta beste bat Elite Mailan goi mailako txapelketetan eskarmentu handia duten eta triala haien lanbidea duten pilotuekin lehiatzea. Iaz hasi zen Elite Mailan eta azkar hartu dio neurria. Denboraldi hasierako helburuak betetzen eta hobetzen ari da. Munduko Kopako lehen bi probetako superfinaletan sartu zen —proba bakoitzeko finaleko lau onenak sailkatzen dira—, duela bi aste Espainiako Txapelketan bigarren geratu zen eta asteburuan ere podioko bigarren koskara igo zen Bernan (Suitza), Europako Txapelketan.
Europako Txapelketara sasoi betean iritsi dira pilotu gehienak eta finalean zein superfinalean bigarren geratu zinen. Esan daiteke orain arteko lasterketa onena egin duzula?
Bai, nik uste denboraldiko proba onenetarikoa izan dela, bai postu aldetik baita nire mailagatik ere. Hala ere finalerdian ez nintzen oso ondo aritu, nahi bezala ez behintzat, baina finalera pasatzeko nahikoa izan zen. Hortik aurrera dena bikaina izan zen, finala zein superfinala.
Bigarren astez jarraian Comasen aurretik… espero al zenuen hain azkar egotea aurrekoekin lehiatzen?
Egia esateko, ezusteko handia hartu dut. Maila uste baina lehenago hartu nuen, baina ez nuen espero horren aurrean ibiltzea. Bernan, Comasek nahiko karrera kaxkarra egin zuen eta superfinaletik at geratu zen, baina horretaz gain Rick Koekoek nederlandarraren aurretik ere ibiltzea ezustekoa izan zen.
Bigarrenez irabazi du Abel Mustielesek Europako Txapelketa eta iaz Munduko Kopako txapelduna izan zen. Azken bi probetan bera izan da zuk baino hobeto egin duen bakarra. Zer dauka une honetan aragoiarrak zuk falta duzuna?
Beno, Abel profesionalki dedikatzen da trialera, eguneko ordu guztiak ditu entrenatzeko eta normala da aurrean ibiltzea. Dena ona du berak: teknika, tiroia… Une honetan niri zenbait akats txiki hobetzea falta zait beregandik gertuago egoteko, eta tiroi pixka bat gehiago ere.
Orain arte zure urteko helburua superfinaletan sartzea zen, Ros ez dagoela ikusita —nafarra lesionatuta dago— eta azken emaitzei begiratuta, aldatu al da helburu hori?
Helburua hasierako bera da, ez da aldatu. Nahiz eta Ros lesionatuta egon, superfinaletan sartzea ez da erreza. Azkenekoetan sartu naiz baina horrek ez du esan nahi beti sartuko naizenik. Beraz, helburua bera da, baina behin barruan zaudela buruak pixka bat gehiago eskatzen dizu.
Aurten Munduko Txapelketa Hego Afrikan izango da abuztua bukaeran. Han izango al zara?
Oraingoz dena airean dago. Espainiako selekzioa egon egongo da, Europako Txapelketan egon den bezala, edo antzera, baina ez dakit joateko aukeratuko nauten edo ez. Ez ba naute aukeratzen, laguntza beharko nuke Munduko Txapelketara joan ahal izateko.