Antxoaren behin-behineko biomasa indizea gutxieneko kopuruaren bikoitza da, Azti-Tecnaliaren arabera
Aurtengo antxoaren behin-behineko biomasaren indizea 66.000 tonakoa dela jakinarazi du gaur goizean Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako arrantza arduradunak. Kopuru hori antxoak bizirautekoaren gutxienekoaren bikoitza da.
Azti-Tecnaliak Biomasa 2013 kanpainaren barruan egindako azterketaren emaitza da hori. Horrela, datu horiek kontuan hartuta, datorren urteko arrantza kanpaina “ona” izango dela adierazi du Azkuek. Gainera, kopuru hori iazkoa baino 20.000 tona handiagoa da. “Antxoa stock-a egoera onean dago”, gaineratu du. Hala ere, biomasaren behin betiko kopurua Itsasoa Aztertzeko Nazioarteko Batzordeak emango du, Frantziako Ifremer institutuak egindako ikerketarekin alderatu ondoren.
Aurten, 27.700 tona
Europako Batzordeak aurtengo antxoa kuota 27.700 tonatan ezarri duela gogorarazi du Azkuek. Bizkaia eta Gipuzkoako portuetan, guztira, 9.200 tona deskargatu dituzte, 2,53 euroko bataz besteko salneurrian. Aurreko urteetan baino kopuru handiagoa da hori, nahiz eta maiatzean bi astez eguraldiagatik flota portuan geratu zen.