Ion Areitio, Europako bigarrena
Ion Areitio txirrindulari hondarribiarrak zilarrezko domina lortu zuen asteburuan Bernan (Suitza) egin zen Europako Trial Txapelketan. Beheko mailetan munduko txapeldun izan eta gero, iaz Elite Mailan debuta egin zuen Areitiok eta orain arteko emaitzarik onena izan da Suitzakoa. Munduko Kopako probetako lauko superfinaletan sartzeko borrokan aritu izan da eta dagoeneko rankineko lehen bosten artean kokatu da. Baina azken hilabetean orain artekoa biribildu du hondarribiar gazteak eta goi mailako hiru podio zapaldu ditu, Krakovian egin zen Munduko Kopako bigarren probakoa, Espainiako Txapelketakoa eta Bernakoa.
Munduko Kopako bigarren proban, Krakovian, hirugarren geratu zen, Abel Mustieles aragoarraren eta Dani Comas katalanaren atzetik, baina kontuan izan behar da hainbat aldiz Munduko Txapeldun izandako Benito Ros nafarrak ezin izan zuela Polonian lehiatu, orkatila puskatu zuelako.
Espainiako Txapelketan ere ez zuen izena eman Rosek eta, Areitio, hor koska bat gehiago igo eta bigarren geratu zen. Granadan egin da aurten Espainiako Txapelketa eta Mustielesek irabazi zuen lehen aldiz, sasoi betean dagoela erakutsiz. Areitio bigarren geratu zen, Comasen aurretik.
Eta joan den asteburuan zilarrez jantzi zen berriro hondarribiarra, Mustielesen atzetik eta Rick Koekoek nederlandarraren aurretik.
Uste baino hobeto
Denboraldiko hilabete garrantzitsuenetakora sasoiko iritsi da Areitio eta emaitzak espero baino hobeak izan ditu, entrenatzeko nahi baino aukera gutxiago izan duen arren. Orain, baina, ia hilabete izango du hurrengo proba handia prestatzeko, Pra Loup herrian (Frantzia) egingo den Munduko Kopako hirugarren proba. Laugarrena ere Alpeetan egingo da, Meribelen, abuztuaren bigarren asteburuan, eta bosgarrena eta azkena irailaren 27tik 29ra Anberesen (Belgika). Proba horietan sailkapeneko lehen lauen artean sailkatzea da hondarribiarraren helburua, baina hori baino gehiago egiteko bidean da, hots, Munduko Kopako sailkapen orokorreko podiumean izateko bidean.
Denboraldiko hitzordu nagusia Munduko Txapelketa izango da. Abuztuaren 21etik irailaren 1era bitarte egingo da Pietermaritzburgen (Hego Afrika), baina ez dago argi Areitiok bertan parte hartzeko aukerarik izango ote duen. Espainiako Federazioak ez du aurrekonturik bertara joateko eta, hori konfirmatuz gero, Euskal Federazioa ordezkatzen joan liteke hondarribiarra baina, besteak beste, babesleren bat beharko luke horretarako.