Ibai Labaien: Zuloaga Etxea eraberritzeari buruz
Alde zaharra dotoretzen duen eraikin berezia den Zuloaga Etxea aski ezaguna da hondarribiarren artean; 1980 hamarkadan erosi ondoren, udalak bertan kokatu zuen hiriko Artxibategi Historiko baliotsua eta beheko solairua gune erabilera anitzeko moduan baliatu izan zen gaur arte. Geroago, Udal Liburutegia goiko solairuetan instalatu zen.
Milaka ekimen gauzatzeko areto erreferente nagusia izan da herri-bizitzaren bilakaeran hondarribiontzat: bilerak, hitzaldiak, aurkezpenak edo prentsaurrekoak, antzerkiak, erakusketak, ezkontzak, etabar, eta hainbat ekitaldiren babeslekua izan dugu Zuloaga Etxea azken hogeita hamar urteotan.
Erabiltzaile ugari dituen Udal Liburutegiaren beharrei erantzuteko, eta Udal Artxibategia Kultur Etxera eraman ondoren, gaur egun eraikinaren berrantolatze eta eraberritze proiektua adostu beharra dago. Liburutegirako erabilgarria zen 416 metro koadroko azaleratik 1.204 metro koadroko azalerara pasatuko dela aurreikusten da, hau da gaurkoa baino hiru bider handiagoa izatera.
Beharrezko asmo honekin erabat ados baldin badago ere, EH BILDU Udal Taldeak salatu nahi izan du prozesu honetan EAJ Gobernu taldeak ez duela eremu horretan lehen herritarrontzat hain baliagarria zen erabilera anitzerako gela aurreikusi.
Hori dela-eta hainbat hirigintza batzorde bilera egin ditugu, eta azkenekoan Alkatearekin akordio batera iritsi gara: Zuloaga Etxeko obretarako Baldintza plegua argitaratu aurretik, proiektu berri bat aurkezteko konpromisoa hartu du; proiektu horretan jasoko dira batzordean egindako eskaerak, gela kontserbatzeari eta gelaren ezaugarriei begira.
Areto hori oso garrantzitsua da, izan ere hirian dauden beste aretoek ezin dute Zuloaga Etxeko erabilgarritasuna bete, lehendabizi tamaina aldetik (60 metro koadro inguru), ekipamendu aldetik, eta baita ere ordutegi aldetik: Arma Plaza museoko 3. solairuak, edo Kultur Etxeko areto nagusiak, edo udaletxeko areto nagusiak ezin dute gaurko gunearen erraztasuna, hurbiltasuna eta ordutegiaren zabaltasunari ordezkorik eman.
Halere, egin den proiektuak bideragarritasuna ez duela bermatzen ohartarazi nahi dugu :
– Hirukoiztu egingo den azalera erabilgarri berria izango duenez, zer nolako pertsonal antolakuntza izango den ez da agertzen eta langileen kopurua handitzekoari buruz aipamenik ez dago proiektuan: gaur egun bertan alor honetan diharduten bi langileak eskas geratuko direla eremu berriko erabiltzeei zerbitzua emateko nabari da. Inolako soluziorik ez zaio ematen arazo honi. horrenbeste milioi inbertitu eta gero zerbitzaririk ez bada, alferrik izan daitekeela iruditzen zaigu.
Ibai Labaien, Hondarribiko Bilduren Udal Taldearen izenean.