Hipoteken IRPH indizea desagertzeko eskatu du Hondarribiko Udalbatzak
Bidasoko Stop Kaleratzeak taldearen proposamenez, “IRPH indizea desagertzeko araubide iragankorra ezartzea” eskatuko dio Hondarribiko Udalak Espainiako Ekonomia Ministerioari. Joan den osteguneko ekaineko ohiko osoko bilkuran aurkeztu zuen etxe gabetzeen kontrako plataformak mozioa eta alderdi guztiek bat egin zuten eskaerarekin. Plenoa hastearekin Stop Kaleratzeak taldeko kide den Jose Maria Erauskinek aurkeztu zuen idatzia eta berrogeita hamar pertsona ingururen babesa izan zuen.
Stop Kaleratzeak-ek aurkeztutako mozioaz gain, beste lau gai aho batez onartu zituzten osteguneko osoko bilkuran: Gabarrari kaleko eta bidegorri berriak eraikitzeko lanen lehen aldaketa —329.055 euroko gehiketa—, Soroetaberriko egitasmoaren likidazioa —4.404.092 euro gehi BEZa—, Euskal Erakunde Publikoetako Langileen Lan Baldintzak arautzen dituen akordioaren indarraldiari eusteko Itunaren onarpen proposamena, eta Zuloaga Etxea Udal Liburutegia handitzeko lanen proiektua eta obrak esleitzeko prozedura irekitzeko lehiaketako baldintza plegua ere onartu zuten plenoan. Udaletik esan zutenez, datozen astean aurkeztuko dute proiektua, osoko bilkuraren onarpena jaso eta gero.
Gai zerrendako beste puntu batzuetan ez zen hainbesteko adostasuna egon. Hala, Bilduk bi mozio aurkeztu zituen baina ez ziren atera. Aldiz, EAJk eta PP-k aurkeztutakoa onartu zen eta beste bat PSE-EEren sinadura zeramana.
Bilduren udal taldeak aurkeztutako bi mozioak gizarte eta osasun arloari lotutakoak ziren, zaharren egoitza eta eguneko zentroetako langileen lan hitzarmenaren negoziazioaren ingurukoa, bat, eta Onkologikoaren gainekoa, bestea. Ez zituzten onartu, baina bai atera zen aurrera bigarrenaren ordez EAJk eta PPk aurkeztutako bat.
Bi alderdi horiek, EAJ eta PP, izan ziren PSE-EEk KZ Gunearen gainean aurkeztutako mozioaren kontra ageri ziren bakarrak. Hamaikabat-eko zinegotzia abstenitu egin zen eta sozialisten eta Bilduren aldeko bozekin onartu zen mozioa.