Murrizketak salatuko dituzte gaur erretiratuek
Kalera aterako dira erretiratuak, gaur, 11:00etatik aurrera, Herriko Plazan, hilabete honetan bigarren aldiz Duintasuna elkarteak deituta. Eusko Jaurlaritzatik nahiz Madrildik egiten ari diren murrizketak dira euren protesten iturri: “Koordainketa farmazeutikoa, osasun zerbitzu negargarriak edo 417 medikamenturen esekidura, batez ere gaixo kronikoei eragingo diena; izan ere, Gizarte Segurantzatik kanpo geratuko dira, herritar xumearen poltsikotik ordainduak izatera heltzeko”. Murrizketa horiek guztiak herritarrak “galbidera” eramaten ari direla esan dute.
Horrez gain, pertsona pentsiodunen bizitzekin “jolasean” dabiltzala esan du Duintasuna elkarteak: “Iraunkortasun faktorearekin pentsioak jarraikortasunez murrizten joango dira, erretiro adina areagotzeko, bizi itxaropena handitzeko; halabeharrez, bere arabera ezartzen den koefizientearen bidez, pentsiodunei gutxiago ordaintzeko formula da”.
Zentzu horretan, ezer egin gabe ezin dela gelditu esan du Duintasunak, eta datorrena “okerragoa” izango dela.
Duintasuna elkartearen deialdiarekin bat egiten dute, Beraun, Kaputxinoak, Agustinak nahiz Alabergako erretiratuen elkarteek eta Amalatz emakume taldeak.