Murrizketak, oro har, baina batez ere uztailaren 1etik aurrera botika erosterakoan ezarriko duten koordainketa izan dira gaurko pentsiodunen protesten iturri. Espainiako Gobernuak bultzatu eta Eusko Jaurlaritzak aplikatuko duen neurri hori hartzeko “eskubiderik ez” dagoela esan dute, “dagoeneko ordaintzen baita botikengatik”. Hiru talde ezarri dituzte, soldataren arabera, koordainketa egiteko: 18.000 euroraino, 18.000 eta 100.000 euro artean eta 100.000 eurotik gora. 18.000 eurotik behera jasotzen duten pentsiodunak 350.000 direla azaldu dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta horiek hilean 8 euro (gehienez) ordaindu beharko dituztela botikengatik. Eremu horiek ezartzea bera “lotsagabekeria” dela esan dute: “Ezagutzen al duzuen hilean 5.000 euro irabazten duen pentsiodunik?”.
Duintasuna elkarteak deituta, eta herriko zenbait erretiratu elkartek babestuta, elkarretaratzea, eta ondoren, manifestazioa egin dute herrian barrena pentsioen eguneratzea eta koordainketa atzera botatzeko eskatuz, besteak beste.
Elkarretaratzean, hainbat pentsiodunek hartu dute hitza; horien artean, Jose Mari Agirretxek, eta botikengatik “zero” ordaindu beharko luketela adierazi du. Horrez gain, 417 botiken %100 ordaindu behar dela gogorarazi du dagoeneko Gizarte Segurantzan sartzen ez direlako, eta neurri horrek batez ere gaixo kronikoei eragiten diela. Horiek artean, gainera, pentsiodun gaixo kronikoei, eurak direlako, oro har, gaixo izaten direnak. Horri aurre egiteko bidea” borroka egitea” dela berretsi du.
Idatziak
Duintasuna elkartearen izenean, Alfredo Rodriguezek hitz egin du, eta udalean idatzi bat aurkeztu zutela jakinarazi du, udala pentsioak eguneratzearen eta koordainketaren aurrean posizionatzeko. Udalak idatzi hori Madril zein Gasteizera bideratu duela jakinarazi du Rodriguezek. Bigarren idatzi bat ere aurkeztu dutela azaldu du, baina oraindik ez dakitela zer egingo duten.
Elkarretaratzeko deialdia Duintasunak egin eta, Beraun, Kaputxinoak, Agustinak eta Alabergako erretiratuen elkarteek nahiz Alamatz emakume taldeak bat egin dute, baina Rodriguezen arabera, beste zenbat erretiratuen elkartek ere bat egin dute, eta hurrengo mobilizazioetan parte hartzeko prest agertu dira.
Hitza hartu dituztenen agerraldiak txalo artean bukatu dira, eta gero erdialdeko kaleetan zehar, manifestazioa egin dute.