Auzolanean Donibaneko Alabortza garbitu dute
Hondartza egur eta plastioz garbitu, inguruko belarrak moztu, euriak ekarritako harri txintxarra pilatu… Hori guztia egin zuten joan den larunbatean, auzolanean, Donibaneko Alabortzan. Bonantza Auzo Elkarteak deituta IX. Alabortza Eguna egin zuten paraje horretan, hura garbitzeko, eta aldi berean erakundeei eskatzeko bertarako aurreikusita dauden egitasmoak egin ditzatela. Eta hori guztia egiaztatzeko, Alabortzaren sarreran plaka jarri zuten, auzolanaren indarrez zonalde hori garbia dagoela denek jakiteko.
Lanaren ondoren, atseden hartzeko parada izan zuten sanjuandarrek. Bonantzaren arabera, “X. Alabortza Eguna izango da, eta ez dugu dudarik egiten: festa eguna izango da sanjuandarrentzat!”.