Xabier Mendizabal eta Lurdes Imaz: "LOMCEri ez, gure hezkuntza sistemari bai"
Euskal Eskola Publikoa, gaur, bihar ekimena osatzen dugun EHIGE, BIHE eta Sarean elkarteok hau adierazten dugu:
Hezkuntza eragile gehienen artean otsailean publiko egin genuen LOMCEri ez, gure hezkuntza sistemari bai adierazpenak, eskola publikoko eskola komunitateen atxikimendu oso zabala jaso du.
LOMCE lege proiektua Estatuko Kongresuan eztabaida fasean dagoen une honetan, gure desadostasuna azaltzen jarraitzea eskatzen digu, eskola komunitatearen hitza kontuan hartuko dela bermatzen ez den bitartean.
Ibilbide honetan, EHIGE, BIHE eta Sarean elkarteentzako garrantzitsua da eragileen artean lehen lortutako indar metaketa mantentzea eta ahalko balitz indartzea. Lehengo adierazpenaren testua abiapuntu bezala hartuz, eta ekarpen berriekin aberastuz, lege honek gure hezkuntza sistemari egingo dizkion kalte larriak salatzen jarraitu behar dugu.
Eragileen arteko batasun zabalena oinarri bezala hartuz, denon artean adostu ditzakegun ekimenetan parte hartzeko eta hauek ahalbidetzeko gure konpromiso publikoa azaltzen dugu.
Gure ordezkari politikoei eskatzen diegu, adostasun politikoan oinarrituz, beraien esku dituzten tresna juridiko guztiak erabiltzea, legearen erretiratzea gauzatzeko, estatuak negoziaketa prozesu demokratiko bat bermatzen ez duen bitartean.
Ordezkari politikoen, hezkuntza eragileen eta jendartearen elkarlana eta konpromisoa ezinbestekoak dira LOMCE legeari aurre egiteko, eta gure hezkuntza sistema propioa eraikitzeko.
Aurrerantzean EHIGE, BIHE eta SAREAN elkarteok jarraituko dugu eskola komunitatea osatzen duten sektore guztiekin lanean, LOMCEk planteatzen dituen xedeen ezagutza zabaltzeko, eta Euskal Eskola Publikoa Haratago dokumentuak jasotzen dituen kalitatezko eskola publikoa bermatzeko proposamenak aurkezten.
Gure hezkuntza sistema ahazten duen, eta gure iritzia kontuan hartzen ez duen eta kanpotik inposatu nahi diguten lege honen aurrean, esaten dugu: LOMCEri ez, gure hezkuntza sistemari bai, eta nola ez, euskal eskola publikoari bai.
Xabier Mendizabal eta Lurdes Imaz.