PSEk dio Santo Angel de la Guardako lanak Orereta Ikastolak egin behar dituela
Orereta ikastolari utzita daukan Santo Angel de la Guardako udal eraikina egoera txarrean dagoela eta, Errenteriako Udala hainbat konponketa lan egiteko prest agertu da. PSE-EEk, ordea, udal gobernu taldeak egindako proposamena mahai gainean uzteko eskatu du. “Bere garaian bi aldeek onartutako hitzarmenaren arabera, egin behar diren lanak (mantenua, kontserbazioa, egiturak…) Orereta ikastolak egin beharko ditu, baina kontsumo gastuak ere”.
PSE-EEk gaineratu duenez, 500.000 euroko inbertsioa “konparaziozko bidegabekeria” da, eta beste ikastetxeekiko berdintasuna hausten du, “are gehiago, horren onura zentro pribatu batek aterako duenean”.
Udalak segurtasuna bermatzeko lanak direla esan duela kontuan hartuta, PSE-EEren iritziz, “presaz erantzun” beharko litzaioke, “aitzitik, 6 urteko ekintza plana egin du”.
Orereta ikastola 22.000 euroko diru laguntza “bakarra” duen ikastetxea dela gaineratu du PSE-EEk.
Horregatik, lan horiek egiteko ardura Orereta ikastolak hartzeko eskatu du, “horrela udalak ez luke horrenbesteko kantitatea gastatu beharko, eta kopuru hori gainontzeko urteetan beste ikastetxe batzuk zaintzera bideratu ahal izango da”.