Santo Angel de la Guardia konponketa lanak egingo ditu udalak
Egun Orereta Ikastolari utzita daukan Santo Angel del Guardako udal eraikinean konponketa lanak egiteko bidean da Errenteriako Udala. Lanak “premiazko konponketak” direla Irune Balentziaga Kultura zinegotziak, eta “erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko beharrezkoak”. Asmoa elektrizitate instalazioa berritu eta leihoen aldatzea dela gaineratu du.
Zazpi urtetan egin nahi ditu lanak udala: 2013an 77.224 euro inbertituko ditu elektrizitate instalazioa konpontzeko; 2014 eta 2015 artean elektrizitatearekin lotutako beste lanak egingo dituzte 124.085 euroko aurrekontuarekin. Bien bitartean, geletako leihoak aldatuko dituzte 245.826 euro inbertituta. Bukaerarako utziko dituzte sukalde eta jangelako leihoak 2017 eta 2019 artean, 96.271 euroko aurrekontuarekin.
Balentziagak azaldu duenez, gainontzeko alderdiei proposamena igorri diete, eta uztaileko udalbatzarrean bozkatuko dute.
Orereta ikastolari 2019ra arte utzi dio eraikina, eta 1998an utzi eta 2004an berritu zenetik Orereta ikastolak 328.500 euro inbertitu dituela jakinarazi du.