San Juan bezperaren harira, ekitaldiak egingo dituzte etzi Hondarribiko Kai Zaharrean. Hondarribia Hiriko Musika Bandak San Juan Zortzikoa egingo du herriko kaleetan zehar 20:00etan hasita. Ordu laurden beranduago berriz, Hondarribia Arraun Elkarteak aurtengo arraun denboraldirako talda aurkeztuko du. Aurkezpena amaituta 20:30ak aldera, aurreskua dantzatuko du Meakako Adixkideak Dantza Taldeak. Jatekoak ere ez dira faltako, izan ere, aparkalekuan jarriko den txosnan, Lumagorri oilaskoa eta Gernikako piperrak dastatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek Eusko Labelen eskutik. Antolatutako ekitaldiak direla eta Bentako aparkalekuaren goikaldea itxita izango dela jakinarazi du udalak, halaber. Beheko aldean aparkatzerik izango dela gaineratu du.