Ekimenaren aurkezpena
Lagunak Elkarlanean izeneko elkartasun ikuskizuna egingo dute San Telmo Museoaren elizan. Musika eta dantza batzen dituen emanaldia datorren asteartean izango da, ekainaren 25ean, 20:30ean, eta bildutako dirua GIB birusaren aurka borrokatzeko izango da. Zehazki, Oiartzungo Harri Beltza elkarteak jasoko du dirua, hiesa duten gaixoei eta euren gertukoei laguntzeko lan egiten duen irabazi asmorik gabeko elkartea.
Kaabestri taldea eta bi dantzari izango dira ikuskizunaren protagonistak. Euskadiko Orkestra Sinfonikoko musikari batzuek sortu zuten Kaabestri; harizko laukotea da eta honakoek osatzen dute: Oscar Lopez (biolina), Igor Torre (biolina), Arkaitz Martinez (biola) eta Jon Larraz (txeloa). Beraiekin batera izango dira eszenatoki gainean Biarritzeko Balleteko bi kide: Fabio Lopez eta Ellyce Danielle.
Joseba Errekalde Harri Beltza elkarteko presidentea da, eta esker hitzak izan ditu bai museoarentzat bai musikari eta dantzarientzat ere.”Hiesak oraindik jendea hiltzen du. Gizarteratzeko arazoak daude , eta halako ekimenek arazoa kalera ateratzen laguntzen digute”, aipatu du Errekaldek.
Sarrerak bost eurotan salgai daude San Telmo Museoan bertan, eta 0 lerroa deituriko elkartasun sarrerak ere eros daitezke prezio berdinean. Hala, ikuskizunera joan ezin duenak ere bere laguntza emateko aukera izan dezan.
EGITARAUA:
- Georg Philipp Teleman (1681-1767). Ouverture-Suite ‘Burlesque de Quixotte’, TWV 55:G10
- Carl Philipp Emmanuel Bach. Sinfonia Wq 182 N°5 in B minor for strings and continuo
- Karl Jenkins Palladio. Concerto Grosso for string orchestra (I movement) 1995
- Xabier Zabala: Harizkoentzako adagioa.
- Peter Warlock: Capriol Suite, for string orchestra 1926
- Richard Wagner. Tristan und Isolde, prelude. Xabier Sarasak moldatua eta Fabio Lopez-en koreografia.
(Iturria: Irutxuloko Hitza)