Gainordainaren kontura, "informazio osoa" emateko eskatu du EAJk
Etxebizitzen gainordainari dagokionez, “Errenteriako Bildu egiten ari den kudeaketa txarra” salatu du gaur Maite Peña EAJko zinegotziak. Hasiera batean, etxebizitza zergaren gainordaina erroldaren arabera egitea erabaki zuen udalak, baina orain irizpideak aldatu ditu. Gaur bertan eman du horren berri, eta errekurtsoa jartzeko aukera izango dela zehaztu du.
Peñaren arabera, baina, “herritarrei ez zaie ondo azaltzen” behin errekargua egin eta gero (azken eguna uztailaren 1a da), aukera izango dutela ordainketa horren kontrako alegazioak aurkezteko hilabete epean.
Aurrekariak gogorarazi ditu. Hala, 1.200 etxebizitzei ezarri zitzaiela zerga ezarpena azaldu du, eta 500 alegazio aurkeztu zirela. Orain, irizpideak aldatuta (besteak beste, ur eta argi kontsumoa kontuan hartuko da), orduan alegazioak aurkeztu ez zituzten 600-700 lagunei horren berri eman behar zaiela zehaztu du EAJk, eta alegazioak aurkezteko aukerak dituztela jakinarazi.
Eskutitza, irizpide aldaketekin
Hain zuzen, aste honetan bertan egin duten batzordean, ildo horretatik, hasiera batean alegazioak aurkeztu ez zituztenei eskutitz pertsonalizatua bidaltzeko eskatu du EAJk, irizpide aldaketaren berri emanez, baina udal gobernu taldeak atzera bota duela. “Hainbat eskutitz bidaltzen dira hainbat gaiekin, eta zergatik honekin ez?”, galdetu du. Peñaren iritziz, prentsan soilik jakinaraztea ez da nahikoa, ez delako denengana iristen informazioa.
“Ahalegin bat egin beharko luke udal gobernu taldeak, eta horrekin frogatu ez duela dirua bakarrik biltzeko asmoa”, gaineratu du Peñak. Orain arte erakutsitako jarrerarekin “diru bilketa asmoa” erakutsi du, EAJko bozeramailearen arabera.
Eskutitza bidaltzearen aurretik, beste proposamen bat ere atzera bota ziela adierazi du Peñak, hasierako proposamena prozesu guztia hutsetik hastea eskatzea baitzen, “mundu guztiak alegazioak aurkezteko aukera izan zezan”.
2013ko ordenantzei begira, EAJ berriro horrelakorik ez gertatzeko “laguntzeko prest” dagoela gaineratu du Peñak.