Kateako bizilagunak, geltokiko arrapalan
Irungo Katea auzoko bizilagunek uste dute bertako tren geltokia egoera kaskarrean dagoela, eta gainera, bertara iristeko zailtasunak dituztela herritarrek. Horregatik, bi neurri eskatu dituzte: batetik bertako sarbidea eta geltokia bera egoera hobean jartzea, eta bestetik, geltokirako bidea auzotik hurbilago jartzea.
Gaur goizean egin dute agerraldia Landetxa Auzo Elkarteko kideek horien guztien berri emateko. Esan dutenez, urteak daramate bertako geltokian hobekuntzak egin daitezen eskatzen. Alderdi politikoekin eta udaleko ordezkariekin bilkurak ere izan dituzte gaiaren gainean hitz egiteko, eta jakinarazi dutenez, Irungo Udalak iaz ADIFi eskatu zion geltokiaz arduratzeko, “baina ez dugu erantzunik jaso”.
Auzotarren ez dute ulertzen nola “azpiegitura handietarako” dirua badagoen, “horien errentagarritasun soziala zalantzagarria izanik”, eta “aurrekontu askoz txikiagoa” behar lukeen obra bat nola ez duten egiten: “Erakundeei publikoki dei egiten diegu trenbide honen sarrera onartezin hau konpon dezan, urgentziaz, eta bide batez udal gobernuari eskatzen diogu gai honetan inplika dadila”.
Horrez gain, tren geltokirako sarrera Andrearriaga kaletik egin dezatela eskatu dute auzotarrek.