Uztailaren lehenengo astean irekiko dituzte Kaputxinoetako igerilekuak
Atzerapenarekin irekiko dituzte Kaputxinoetako igerilekuak, Errenteriako Udal Kirol Patronatuak jakinarazi duenez, eta uztailaren lehenengo astetik aurrera egongo dira martxan. Udal Kirol Patronatuari ez dagozkion arrazoiengatik izan dela azaldu du.
“Instalazioak eraiki dituen enpresaren aldetik konpromisoa zegoen joan den denboraldian sortu ziren kalteak konpontzeko, baina enpresa horrek erabaki du, bere aldetik, konpromisoa alde batera utzi eta obra horiek ez egitea, eta ondorioz, atzerapena eragin du”, zehaztu du patronatuak.
Udaleko zerbitzu juridikoek inplikatuta zeuden enpresei konpentsazioa eskatzeko prozedura hasi dutela jakinarazi du patronatuak, baina “urtebetez, igerilekua ezin delako itxita izan”, udalak erabaki du bere baliabideak erabiltzea lanak egiteko, eta instalazioa irekitzeko beharrezko dirua aurreratzea.
Atzerapena ulertzeko eskatu diete herritarrei Errenteriako Udalak zein udal kirol patronatuak.
Fanderiakoak, zabalik
Bien bitartean, Fanderiako estali gabeko igerilekuak erabili ahal izango dituzte herritarrek. Astelehenetik zabalik daude. Ordutegia 09:00etatik 22:00etara da, aste osoan zehar.