Pasaiako ostalari eta merkatariak biltzen dituen Laurak Bat elkarteak urteroko jaialdia egingo du asteburu honetan. Horrela, etzi eta etzidamu pintxo lehiaketa egingo dute, eta igandean, berriz, herriko bederatzi komertziok euren produktuak erakutsiko dituzte Trintxerpen.
Laurak Bat Egunaren aurkezpena.
Poteoaren orduan Laurak Bat Egunerako propio egindako jateko aukera izango da, 1,80 euroren truke. Antxon honako tabernetan eska daitezke pintxoak: Mimos, Dani, Kamio, Taska Okendo, Ekarri, Iparra eta Prost!. Trintxerpen, berriz, beste honako hauetan: Coruña, O’Fardel, Busturia, Izkina, Maritxu eta Erdibana. Pintxo onena hautatzeko hautesontziak jarriko dituzte, eta kontsumitzaileek erabakiko dute zein den onena.
Irabazlea igandean jakinaraziko dute, Trintxerpeko Gudarien plazan jarriko duten karpan. 11:30ean iragarriko dute zein den pintxo onena. Hala ere, ez da igandean egingo duten ekitaldi bakarra izango. Herriko bederatzi komertziok euren produktuak eskaintzeaz gain, Antxoko zein Trintxerpeko bina komertzio omenduko dituzte. Trintxerpeko Calzados Geli eta Angel ileapaindegia omenduko dituzte, eta Antxoko Náutica Muro eta Esparza ileapaindegia. Elkarteko kideek eurek aukeratu dituzte omenduak.
Karpa 11:00etatik 20:00etara egongo da irekita, eta Oarsoaldeko turismo agentziak eta Pasaiako Udaleko Euskara Sailak erakusmahai bana edukiko dute.