Gau mexikarra izango da biharkoa Errenterian
Ostegun Anitzak ekimenaren barruan, afari mexikarra egingo dute bihar Gaztelu ostatuan, 20:30ean, aurreko bost hilabeteetan beste herrialde batzuetako afariak eman dituzten bezala. Ekimen horren azken afaria izango da, eta horrenbestez, ibilbide horri amaiera berezia emateko, kontzertu mexikarra izango da De Cyne Reyna tabernan, 22:00etatik aurrera.
Jatorriz Mexikokoak diren hiru sukaldarik prestatuko dute afaria: Veronica Espadas, Gabriel Espadas eta Lucia Gomez. Honako menua pentsatu dute: kesadilla, hegaluze enpanadilla, tomate berde entsalada, oilasko puska arroz gorriarekin eta sagar entsalada kremarekin.
Joan den otsailaren 21ean hasi ziren Ostegun Anitzak egiten, eta hilabetez hilabete Senegal, Maroko, Pakistan eta Nepaleko gastronomia ezagutu eta dastatzeko aukera izan da Gaztelun.
“Espero baino hobe”
SOS Arrazakeria ekimenaren antolatzaileak irakurketa positiboa egin du, eta bai afariak eta baita aurretik egin ohi den tertuliak, espero baino hobeto irten direla adierazi du. Hala, afarirako erreserbak afaria baino hilabeteak lehenagotik egin direla zehaztu du. Horregatik, ekimena aurrera ateratzea ahalbidetu duten guztiei eskerrak eman dizkie.