Euskara ikasleek bekak eska ditzakete
Aurtengo ikasturtean euskara ikasten ibili diren ikasleek bekak jasotzeko eskaera egin dezakete. Matrikularen erdia ordainduko die Oiartzungo Udalak oiartzuarrei. Eskaerak Euskara sailean (udaletxeko harreran sartu behar da eskaera) edo Intxixu AEK Euskaltegian (Fermiñene etxean) egin behar dira, ostiral honetatik (hilak 21) uztailaren 5era bitarte.Euskara sustatzeko lehentasunezkoak diren sektoreetako ikasleei %70a arte ordainduko die udalak, hau da, familiei, merkatariei eta elkarteei. Laguntza bera jasoko dute ikasleek, langabetuek eta pentsionistek.
Euskaltegi homologatuetan ikasten duten ikasleek hainbat baldintza bete behar dituzte beka jasotzeko: Oiartzunen erroldatuta egotea edo Euskara Plana duten herriko enpresetan, elkarteetan, denda eta zerbitzu-enpresetako langileak izatea. Horrez gain, eskolen %85etara joan izana beharrezkoa da.
Udalak adierazi duenez, eskaeren arabera banatuko du diru kopurua, eskatzaile guztien artean proportzionalki.
Barnetegira joateko laguntzak
Udaran barnetegira doazen ikasleentzat izango da laguntzarik; egoitza eta garraio gastuen %20a jasoko dute. Diru laguntza horien eskaera udazkenean egin behar da.