
Areitio, Olazabal parkean, apirilan
Ion Areitio txirrindulari hondarribiarrak Elite Mailako zilarrezko domina lortu zuen asteburuan Granadan egin zen Espainiako Txapelketan. Abel Mustieles aragoarrak irabazi zuen proba eta Dani Comas katalanarentzat izan zen brontzea. Munduko Kopako bigarren proban, Krakovian podiora igotzea lortu zuen Areitiok, Benito Ros nafarra lesionaturik dagoela baliatuta —eskumuturra hautsi zuen eta aste batzuk beharko ditu lehiaketetara itzultzeko—, baina joan den asteburuan beste koska bat igo zuen hondarribiar gazteak eta Comasen aurretik sailkatu zen.
Areitiok esan izan du Ros, Comas eta Abel Mustieles bere aurretik daudela, baina Espainiako Txapelketan erakutsi du azkar ohitu dela Elite Mailara eta beste hirurekin lehiatzeko gai izan daitekeela.
Ostiralean Europako Txapelketa hasiko da Suitzan eta bertara joateko hegazkina hartu behar zuela erantzun ditu HITZAren galderak. Aste honetan bizikleta hartzeko aukerarik izan ez duela aitortu du, baina gehitu du Europako Txapelketako lehen lauen artean sailkatzen saiatuko dela, superfinala jokatzeko.
Espainiako Txapelketan bigarren geratu zara. Ondo moldatu zinen Granadan.
Aurreko karreretan eguraldia ez genuen lagun izan, baina honako honetan ere beroak ez zigun mesederik egin. Lasterketa ez zen oso polita izan, ez maila aldetik ezta erakargarritasun aldetik ere, baina nahiko ongi moldatu nintzen, egia esan.
Ezustekoa izan zen Comasen aurretik geratzea?
Beno, ez zen hainbesteko ezustekoa izan, aurreko probetan berarengandik nahiko urbil ibili bainintzen, baina, hala ere, asko poztu nintzen lortu nuelako.
Nola prestatu zara Suitzara joan aurretik?
Hemendik minutu batzuetara abiatuko naiz. Aste honetan ez dut bizikletarik ukitu; bidaiak, joan etorriak, materiala prestatu… Espero dut bihar han entrenamendu txiki bat burutu ahal izatea.
Zein helbururekin zoaz?
Helburua aurreko karreretan izan dudan berbera izango da, hau da, superfinalean sartzea. Hortik aurrera posible den guztia egingo dut podiora igo ahal izateko, baina ez da batere erraza izango.