Edurne Agirrezabala
Azken entseguetan sartuta daude HELTA helduen tailerreko antzerki taldeko kideak. Larunbatean, hilak 22, ikasturtean zehar sortutako lana oholtzaratuko dute:
Hiru minutuko ametsak. Zazpi lagunek hiru minutuko bizipenak kontatuko dituzte eta Edurne Agirrezabala tailerreko irakasleak adierazi duenez, “ilusio handiarekin dagoen talde bat” igoko da oholtzara. Udaletxeko areto nagusian izango da emanaldia, 19:00etan hasita.
Zer moduz joan da ikasturtea?
Uste baino hobeto. Hasiera nahiko traketsa izan zen, baina ikasle arrunt finak eta txintxoak ditugu, esandako guztia obeditzen dute eta kriston esperientzia izan da. Hasierako ilusioa mantendu dela nabaritzen da eta ez da gutxi. Ikasturte bukaeran gaude eta lortu dugu gutxienez zerbait itxurosoa prestatzea jendearen aurrean aurkezteko.
Zer landu duzue?
Lotsa galdu eta gutxienez animatzea oholtza gainean jartzeko. Memoria, espresibitatea… landu dugu eta horrez gain beraiek sortu zuten istorioari piko batzuk ateratzea nolabait esateko.
Larunbateko saioan zer eskainiko duzue?
Ilusio handiarekin dagoen talde bat ikusi du jendeak, bere lotsa eta urduritasunarekin, baina tituluak esaten duen bezala hiru minutuko ametsak edo bizipenak ikusiko ditu, gero ondorio batera iristen direnak. Oso momentu politak pasako dituztela iruditzen zait. Dena bakarrizketa batzuetatik sortu da, baina gero beste batzuek istorio horretan parte hartzea lortu dugu, bestela oso klasikoa da hor pertsona bat hitz egiten eta modu honetara elkarri lagundu egiten dira. Konplizitate handia dute eta oso polita geldituko dela iruditzen zait.
Hurrengo ikasturteari begira, jarraitzeko asmorik ba al duzue?
Batek dio jende pila batek emango duela izena! Hala esaten du, baina ez dakit. Orain gaudenak behintzat jarraitzeko asmoarekin gaude eta norbait gehiago etortzen bada ongi etorria izango da. Hau hasiera bat izan da, jendea hastea eta bertan jarraitzea zen asmoa eta hori lortuta gero ikusiko dugu zer pasatzen den. Jende berria etorriko balitz bi talde egin beharko genituzke, beti aurrera egin behar baita, baina oraindik ezin da planteatu ezer hurrengo ikasturterako, ez baitakigu zer gertatuko den.