Bukatu berri da Eztena antzerki eta dantza jaialdia Errenteria-Oreretan. Mikelazulo elkarte antolatzaileko Ainara Gurrutxaga (Errenteria-Orereta, 1977) “oso-oso pozik” agertu da Eztenak eman duenarekin. Jaialdiak “zirkuitu ofizialetik kanpo geratzen diren lanen erakustoki” izan nahi duela gogorarazi du Gurrutxagak.
Eztena bukatu berri da. Zein irakurketa egiten duzue Mikelazulotik?
Mikelazulo kultur elkarteko kideen aldetik, oso-oso pozik bukatu ditugu egun hauek. Batez ere, gure helburua ohikoak ez diren antzezlanak, dantzak, piezak, performanceak ikustea izaten delako, eta horiek programatu ditugulako. Hori da gure nahia jaialdiarekin, zirkuitu ofizialetatik kanpo geratzen diren lan horien erakustoki izatea, eta pozik gaude erakutsi direlako. Beste aldetik, ikusleen aldetik, urtetik urtera jaialdiak gero eta jarraitzaile gehiago dituela nabaritzen ari gara.
Aurten inoiz baino egitarau anitzagoa prestatu duzue. Hori al da Eztenak etorkizunari begira daukan helburu nagusia? Beste diziplina batzuetara zabaltzea?
Betidanik izan dugu helburu hori. Baina bai, kointziditu du aurten bereziki. Dudarik gabe gure helburuetako bat da apurtzea ditugun eskema horiek: edo dantza da, edo antzerkia da… azkenean ikuskizun asko diziplina batean eta bestean mugitzen dira. Garrantzitsuena dena da sakonean lanak duen fondoa, zer kontatzen duen eta nola kontatzen duen.
Eztenaren helburuetako bat zirkulu ofizialetik kanpo dauden lanak argitaratzea dela kontuan izanda, diziplina askotariko lanak horretarako baliatu nahi dituzue?
Bai hala da. Normalean estandarretik ateratzen den generoa ohiko erakustokietatik kanpo geratzen da. Adibidez, txotxongilogintza gure inguruan ez da oso ohikoa. Eta da arte bat, pentsa, milaka urtekoa.
Ekarri genuen lana,
A mano, oso-oso lan berezia zen, eta helduentzat ere guztiz interesgarria. Obra horrek ere apurtzen zuen: ‘zer da haurrentzako antzerkia? zer da helduentzakoa?’ Muga guzti horiek ere hausten zituen.
Dantza pieza asko ere beren laburdurarengatik oso zailak dira ikusten antzokietan. Antzokiek dituzte estandar batzuk, izan behar du genero jakina, eta iraun behar du ordubetetik ordu eta erdira. Orduan, laburragoak diren piezak, bakarrik laburrago izateagatik askotan kanpoan geratzen dira.
Estandarretik kanpo joateak badauka eragina jendearen harreran? Jendeak nahiago al du estandarra estadarretik kanpo dagoenaren aurrean?
Gure pertzepzioa da denerako aukera eduki behar dela, gero ja jendeak aukeratuko du. Aukerarik ez dagoen neurrian jendeak ezin du aukeratu. Nik uste dut askotan sorpresa bezala hartzen dugula. Garrantzitsuena aniztasuna da eta aukera ematea jendeari, gu barne, egiten diren hainbat gauza egiten direla jakinaraztea.
Eztena-kide figura atera duzue. Hori izango da Eztena finantzatzeko bidea?
Alde batetik, guk nahi duguna da kultur sormenean eta sare horretan ikuslea balorean jartzea. Ez dela kontsumitzaile soila askotan sinetsarazten diguten bezala. Jendeari emailen bitartez eta batzar batzuen bitartez jaialdiaren baino lehen komunikatzen zaio zein asmo dagoen programatzeko, jendearen iritzia jaso…
Aurrerantzean gure asmoa da sare bat sortzea, antzerkizale zein dantzazaleena bai Oreretan eta baita inguruan ere; jaialdia egiterakoan edo urtean zehar programazio sendo bat egin nahi bada jendeak ate bat izan dezan bere iritzia emateko.
Era berean, alde ekonomikoa ere garrantzitsua da, eta gure filosofia orain arte, behintzat, eta horrela jarraitzen du, autogestio forma berriak bilatzean datza, independentzia lortzeko ere. Ez dadila soilik izan udalak diruz laguntzen duen zerbait, eta gero bat-batean udalak esaten dizu ez dagoela dirurik urte batean eta orduan uzten diozu egiteari. Ez. Izan dadila zerbait ekonomikoki ere sustengatua jende gehiagoren artean Eztena-kide eginez. Orduan, denen artean egindako ahalegin baten emaitza da.
Eztena-kidek bi urteko ibilbidea izan du. Nola doa?
Oso pozik gaude. Adibidez, jaialdiko sarrera guztiak doan dira, eta horrekin jendea harritu egiten da. Baina gure aukera bat zen. Gero jendeari aipatzen diogunean aukera dagoela jaialdia sustengatzeko, oso pozik sustengatzen du. Uste genuena baino babes gehiago ari gara lortzen, eta urtetik urtera gero eta gehiago nabaritzen dugu gogo gehiago dagoela parte hartzeko eta diruz laguntzeko.
Eztena-kide egiteko zer egin behar da?
Udaberrian Mikelazulon programazio bat sortu da aurten lehenengoz, Zizt Udaberrian izena duena. Orduan emanaldi horietan eros zitekeen txartela. Gero, baita jaialdian zehar ere, gune guztietan. Hemendik aurrera ere pentsatzen dut Mikelazulon egongo dela aukera erosteko edo bestela beti jartzen dugu email bat ere: bertara idatzi daitekete eta eskatu:
eztena1[a bildua]hotmail.com.