
Gaur goizean aurkeztu dituzte ekimenak.
San Pedro eta San Martzial festen barruan udal gaztelekuko kideek egun berezia antolatu dute, hilaren 26rako. Izena ere jarri diote: Gaztefesta. Egin duten parte hartze prozesu baten ondorioa izan da egunaren lanketa eta diseinua. Urdanibia plazan egingo dute, 16:30etik aurrera, eta aisia arratsaldea izango dela iragarri du Fernando San Martin Gazteria ordezkariak. Egun horretan ere emango dio hasiera udako programazioari Martindozenea gaztelekuak.
16:30etik 18:30era haurrentzako tailerrak izango dira Urdanibia plazan, baita jokoak ere. Scoot erakustaldia ere egingo dute. 18:00etatik aurrera, gutxi gorabehera, graffiti tailerra egingo dute, eta 19:00etatik aurrera gazteen ikuskizunak hasiko dira: dantzak, hiri adierazpenerako eremua, hip-hop-jam bat, DJak… Eta eguna bukatzeko, Musikirun maketa lehiaketaren finala egingo dute, 22:00etatik aurrera Urdanibiako oholtzan, epaimahaiak aurretik kontzertuen fasean onentzat eman dituen hiru taldeekin.
Festa horren ondoren, uztailean, Martindozenearen udako programazioa hasiko da. Irunen, kalean, egingo dituzte ekimen gehienak oporraldia eta balizko eguraldi ona baliatuz. Horiek ere parte hartze prozesu baten bidez diseinatu egin dira. Horrez gain, astero-astero txango bat egingo dute. Honakoak dira:
- Uztailak 4 (osteguna): Oilakintzako putzuetara bainatzera joateko txangoa. Doan da, eta 16:00etan aterako dira Martindozeneatik. Iristeko ordua: 20:30. Eraman behar dira: bainujantzia, eguzkitarako krema, txankletak, askaria, aldatzeko arropa, eta ibiltzeko oinetako egokiak.
- Uztailak 11 (osteguna): Arcachoneko ur parkera bidaia. Prezioa: 25 euro. Izena emateko aukera: uztailaren 9ra arte. 08:30ean aterako da txangoa, 20:30ak aldera itzultzeko.
- Uztailak 18 (osteguna): Sand Up Paddle Surf-eko eskola, Hondarribiko hondartzan. Prezioa: 15 euro. Izena emateko aukera: uztailaren 16ra arte. 16:00etatik 20:30era da txangoa.
- Uztailak 24 (asteazkena): txangoa bizikletan, Berara. Prezioa: 5 euro. Izena emateko aukera: uztailaren 23ra arte. 09:00etatik 20:30era da.