TAO eremu osoa abian da, gaurtik
Gaur hasi da udala kudeatzen Jaurlaritzaren eremuan kokatuta dauden aparkalekuak. Jaurlaritzak baimena eman zion udalari Hondartzako, futbol zelai inguruko eta Bentako aparkalekuez arduratzeko, eta udalak 20 pertsona kontratatu ditu TAO zerbitzurako. Hala, gaurtik aurrera eremu urdin osoan ordaindu beharko da aparkatzeagatik; Portuan lehenago hasi ziren kobratzen, aste santuaren ondotik.
Foru kaleko, Ramon Iribarren pasealekuko zein Bentako aparkalekuan 10:00etatik 20:00etara ordaindu behar da, astelehenetik igandera. Hondartzako aparkalekuak, aldiz, egunez eta gauez funtzionatuko du, 24 orduz.
Zerbitzuaz arduratzeko, 20 langabe kontratatu ditu udalak. “Kontratazioa egiteko lan merkatuan sartzeko zailtasun gehien zeuzkaten pertsonak lehenetsi dira”, gaineratu dute udaletik.
Informazio gehiagorako eta txartelak eskatzeko behar dena jakiteko, udaltzaingora joan behar da, 07:00etatik 21:00etara.