Nerabeen artean alkoholaren kontsumoa neurtzeko neurriak eskatu ditu Irungo EAJk
Irungo EAJren udal taldeak jaietan nerabeen artean intoxikazio etilikoak ekiditeko prebentzio neurri gehiago eskatu ditu. Eskaera hori aste honetan egin den Hezkuntza, Gazteria eta Gizarte Ongizate batzordean egin du. Hala, EAJren ustez, nerabeen artean “lehenengo mozkorraldiak gertatzen diren adinaren jaitsieragatik” alarma hotsa piztu da osasun arloko profesionalen artean, eta San Martzial eta San Pedro jaiak hurbil izanda, neurri horien beharra aldarrikatu du Xabier Iridoy Irungo jeltzaleen udal taldearen buruak.
Iridoyk onartu du udal gobernuak “neurri batzuk” hartzen dituela bide horretan, “baina eskasak dira”. Hala, aste honetako batzordean jeltzaleek udal gobernuari galdetu zioten ea alor horretan Udaltzaingoarekin elkarlanean jarduten duten, “eta erantzuna ezezkoa izan zen”. Horrela, eta Irungo Hirugarren Mendekotasun Planaren helburuak gogoraraziz, “adin txikikoen kontsumorako sarbidea mugatzea eta esku hartze zuzenak egitea” eskatu du EAJk, eta helburu horiek betetzeko “neurri zuzenak” eskatu dizkio gobernu taldeari: “Jaietan adin txikikoen artean intoxikazio larrien eta koma etilikoen kopurua areagotzea ekidin nahi badugu, zaintza prebentiboa beharrezkoa da”.