Ezohiko bi udalbatzarretako baten dietari uko egingo dio EH Bilduk
Bi ezohiko udalbatzar egin zituzten asteartean: 16:00etan bata (kale garbiketa eta hiri hondakin solidoak jaso eta garraiatzeko zerbitzua adosteko) eta bestea 16:30ean (PSE-EEk kultur azpiegiturei buruz aurkeztutakoa). PSE-EErekin bi puntuak ezohiko udalbatzar batean egitea adostu nahi izan zuen Bilduren udal taldeak, baina beren erantzuna ezekoa izan zela esan du. Zentzu horretan, Bilduko zinegotziek lehenengoaren dieta kobratzeari uko egitea erabaki dute.
“Hortaz, bigarren ezohiko udalbatzarra deitu behar izan zen, kasu honetan, 16:00etan. Bi ezohiko udalbatzar. Dieta bat apenas 5-10 minutu iraun zuen bilera baterako eta beste dieta bat hurrengo bilerarako. Diru xahutze nabarmena, krisi garaietan”, gaineratu du Orereta-Errenteriako EH Bilduk.
PSE-EEren jarrera “babestu ezinezkoa” dela iritzi dio EH Bilduk, eta gaineratu du berari ezinezko egiten zaiola “egun berean eta udalbatzar bakarrean landu daitezkeen horrelako bi gai disoziatzea, hartara bi dieta kobratu ahal izateko”. EH Bilduren arabera, horrelako jarrerek “ordezkari guztiak zipriztintzen” dituzte, “nahiz eta ekintzetan erabat ezberdinak izan”.