Nogueras, elkartearen egoitzan
Erdi Aroko Azokaren harira, larunbatean, Klink Elkarteak bazkari solidarioa antolatu zuen. Bildutako dirua eskualdeko langabeen eta beharra dutenen artean banatzeko asmoa zuten, eta horretarako Caritas erakundearekin harremanetan jarri ziren. Helburu bezala 100 bazkidek izena ematea jarri zuten, bakoitzak 12 euro ordainduta, jakinda zaila zela, baina zenbaki polita iruditu zitzaien: 100 lagun, 1.200 euro. Hornitzaileak ere busti ziren ekimenarekin, eta bazkarian erabiliko zen guztia doan eman zuten.
Baina 100 lagun ez, 141 eseri ziren mahai inguruan, eta 1.702 euro bildu zituzten. Asteazkenean joan ziren Caritasekoak elkartera, dirua eta bazkarian erabili ez zituzten produktuak jasotzera.
Elkartasun bazkariaren helburua dirua biltzea baino gehiago zela esan dio HITZAri Josema Nogueras Klink Elkarteko diruzainak: “1.700 euro ez da ezer, badakigu sartu aurretik emana dagoela, baina gure herrian zein behar dagoen adierazi nahi genuen. Batetik, gure bazkideak kontzientziatu nahi izan ditugu, bestetik, Hondarribiko beste elkarteak horrelakoak egitera animatu, eta, azkenik, gizartearen inplikazioa bilatu dugu”. Horregatik jo zuten hedabideetara bazkariaren berri ematera, “ez gure lana herriak goratzea nahi dugulako, baizik herritar batzuk gaizki pasatzen ari direlako eta laguntza behar dutelako”.
2.000 afari gutxiago urtean
Erantzunarekin harritu egin dira elkartean, aurretik egiten zuten
Gaur …-kin afaltzen dugu ekimen solidarioak indarra galduta zuelako. “Azkena Perurena aita-semearekin egin genuen, eta 50 lagun baino ez ginen elkartu”, esan du. “Gauzak gaizki daude eta gure elkartean ere ari gara hori ikusten, egoera ez dagoelako jatetxeetara joateko, ezta elkarteetarako ere. Hamabost bazkideri behin-behineko baja eman diegu haiek eskatuta, eta iaztik %15 jaitsi da elkartearen erabilera. 2.000 afari gutxiago eman dira, eta etortzen direnek gehiago begiratzen dute zer hartzen duten”.
Janari eta edari hornitzaileengandik produktuak doan jasotzea erraza izan dela dio elkarteko diruzainak: “Gure bilakaera oso serioa izan da beti, diru kontuak enpresa batek bezala kudeatzen ditugu, eta inoiz ere ez dugu faktura bat berandu ordaindu; hornitzaile gutxi ditugu, baina urte asko daramate gurekin lanean”.
Teknologia berriei lotuta
250 bazkide ditu Klink Elkarteak, Hondarribiko elkarte zaharrenetakoa da —1970 urtean sortua— eta bazkide gehienak ez dira gazteak. Horregatik, deigarria da euren arteko komunikazio guztiak teknologia berrien bitartez egitea: “2007an posta elektronikoarekin hasi ginen, 2008tik erreserbak Internetez egin daitezke, gero SMS bitartez hasi ginen informazioa banatzen, eta aurten elkarteko wifi-a eta sukaldea erabiltzen ez dakitenentzako behar den informazioa QR kodearen bitartez eskuragarri jarri dugu”. Eta bazkideak harro daude horretaz, “QR kodea irakurtzeko telefonorik ez dutenek ere harro esaten diote elkartetik kanpokoei ‘bai, bai, guk hori QR kode bitartez egiten dugu'”, dio Noguerasek.
Klink Elkarteko bazkideetatik 230ek posta elektronikoz jasotzen dute elkartearen boletina, 240k SMS bitartez eta 130k whatsapp-ez. Hori bai, “elkarteari buruzko informazio inportantea” dela ziurtatu dugu, “badakite ez dugula beste mezurik bidaltzen, txisteak edo bestelakoak”. Horregatik, elkarteko mezua iristen zaienean kasu egiten diote eta, horregatik, Erdi Aroko Azokako bazkarirako hamar egun geratzen zirenean eta izena emanda hamabi lagun bakarrik zeudenean, SOS mezua bidali zitzaien, eta erantzuna “berehalakoa” izan zela esan du diruzainak.
Sortu zenean, ongintzazko elkarte bezala egin zuen, baina gizartea aldatu denez, izena ere aldatu diote eta elkartasun elkartea da orain Klink. Izenak izen, keinu solidarioak egiten jarraitu du eta jarraituko du. Hala, udazkenean beste keinu bat egingo du Uria Harresiko elkarteak, minbiziaren kontrako kanpainarekin. “Hori galduko bagenu, zer bihurtuko ginateke, elkarte gastronomikoa baino ez, eta hori inolaz ere ez da izango Klink elkartea”, argi utzi du elkartearen diruzainak.