'West Side Story' antzeztuko dute igandean, Pasaia Abesbatzaren XX. urteurrenaren harira
Pasaia Abesbatzak hogei urte bete ditu aurten, eta hori ospatzeko hainbat ekitaldi egingo ditu urte osoan zehar. Horrela, igandean, West Side Story musikala antzeztuko dute Serafin Esnaola plazako auditorioan. Pasaia Abesbatzakok eta Pasaia Gazteko kideek hartuko dute parte Pasaia Abesbatza Taldeak ekoitzitako musikalean. 19:00etan hasiko da emanaldia.
Udaran, udalekuak
Pasaia Abesbatzak udararako hainbat ekimen antolatu ditu. Horrela, haurren abesbatzentzako udalekuak antolatu dituzte hilaren 24tik 28ra. Kontzertu batekin bukatuko dituzte udaleku horiek. Trintxerpeko Alkateordetzan izango da, 19:00etatik aurrera. Horrez gain, Pasaia Gaztek Rouengo (Frantzia) Abesbatza Gazteen Nazioarteko Jaialdian hartuko du parte. Uztailaren 1ean joango dira Normandiara, eta 8an itzuliko.
Azkenik, datorren ikasturtean beste bi ekitaldi egingo dituzte. Alde batetik, Granollerseko abesbatza batekin elkartrukea egingo du Pasaia Abesbatzak, irailean. Bestetik, hogei urteko ibilbidea jasoko duen erakusketa egingo dute azaroan.