Bi ordu pasatxo iraun zuen atzoko ezohiko udalbatzarrak. Puntu bakarra, PSE-EEk kultur azpiegituren gainean aurkeztutako mozioa, landu zuten zinegotziek bi ordu luze horietan. Eztabaidaren ondoren, mozioa puntuz puntu bozkatzea erabaki zuten. Azkenean, 1.1 puntua izan zen atzera bota zuten bakarra, Dantzagunea Errenteria Hiria Kulturgunera eramateko proposamena. Gainontzekoak aurrera atera ziren: aldundiarekin udalaren ekarpen ekonomikoa gutxitzeko baldintzak berriro negoziatzea; aurrekontuetan Lekuonara bideratutako 826.000 euroak espresuki eraikina bermatzera zuzentzea; PSE-EEk egin duen eta gainontzeko udal taldeek egin ditzaketen kultur azpiegituren gastuen eta bideragarritasunaren ikerketa bat egitea; eta jarraipen batzorde bat eratzea kultur azpiegituren etorkizuna erabakitzeko.
Lehenengo puntuko lehenengo azpiatalean ez ziren nahikoak izan PSE-EEren aldeko botoak; Udal Gobernu Taldeak (Bildu eta Ezker Anitza) eta EAJk kontra bozkatu zuten eta PP abstenitu egin zen. Bigarren azpiatalean, berriz, Udal Gobernu Taldek kontra bozkatu arren, aurrera atera zen, oposizioaren (PSE-EE, EAJ eta PP) aldeko botoekin. Azkenik, gainontzeko puntuek argi berdea jaso zuten oposizioaren botoekin eta Udal Gobernu Taldearen abstentzioarekin.
Finantzazioa
Eztabaida batetik, udalaren finantzazioaren kontura sortu zen, EAJ eta PPk zalantzak baitituzte udalak lortuko duen finantzazioa kultur azpiegituren proiektua aurrera eramateko. EAJk, gainera, aldundiarekin sinatutako akordioan udalaren ekarpena txikiagoa izan beharko lukeela iritzi dio.
Julen Mendoza alkateak, ordea, “konfiantza” eskatu zien, dena ongi aterako denaren uste osoa duelako. Proiektuaren garrantzia defendatu zuen, herriarentzako “ona” izango dela iritzita, eta industrian oinarritua egon den Errenteriarentzat eta egun gainbehera egin duen sektorearen “benetako alternatiba” izango delako. Horrez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin sinatutako protokoloa “onuragarria” dela nabarmendu zuen, “bi urterako erabilpena egiteko aldundiak 225.000 euro inbertituko baititu, hori da errealitatea”. Gainera, etorkizunean erabiltzeko lokala egokituta geratuko dela gaineratu zuen.
PSE-EEk, haatik, Udal Gobernu Taldeak proiektua “inposatu” egin nahi duela iritzi dio. Dantzagunearen alde agertu zen talde sozialista, baina ez Lekuonan, Errenteria Hiria Kulturgunean baizik, behin-behinean Arteleku jarriko duten tokian. Lekuonan liburutegia eta beste zenbait zerbitzu jartzea proposatu du talde sozialistak. Horrez gain, dokumentazio guztia ez ematea egotzi zion alkateari, “badirudi pleno bat antolatu behar dela datu guztiak emateko”, esan zuen Jose Angel Rodriguez bozeramaileak. EAJk ere aipatu zuen gai bera, baina Julen Mendoza alkateak gezurtatu egin zuen informazioa jaso bezain pronto bideratu zaiela argudiatuta.
Puntuz puntu bozkatzearen eztabaida
Hainbat txanda eduki zituzten erreplikak egiteko, baina batik bat PPk egindako proposamena, puntuz puntu bozkatzearenak, sortu zuen ika-mika handiena. Mendozak puntuz puntu bozkatzeak ez zuela zentzurik esan zuen, eta mahai gainean bi proiektu, Udal Gobernu Taldearena eta PSE-EErena, zeudela gogorarazi zuen, eta osotasunean horiek bozkatu beharko liratekeela.
Tira-bira luzearen ondoren, eta pentsatzeko bi atsedenaldi hartu ondoren, bozkatzera atera zen proposamena, puntuz puntu.
Hondakinak jasotzeko zerbitzua
Arratsaldeko lehen orduan beste pleno bat egin zuten, ezohikoa hura ere, Errenteriako kale garbiketa eta hiri hondakin solidoak jaso eta garraiatzeko zerbitzua kontratatzeko. Aho batez atera zen aurrera.