Irungo San Juan plazako liburutegiak badu itxura
Irungo Udaleko ordezkariek gaur goizean aurkeztu dute San Juan plazaren behealdean udal liburutegi berria izango denaren itxura. Hiriko azpiegitura eta zerbitzu lan garrantzitsuenetakoa izango denez, Jose Antonio Santano alkateak, Cristina Laborda Obretako ordezkariak, eta Belen Sierra Kulturakoak hainbat argibide eman dituzte agerraldian. Horien artean esan dute adinaren araberako guneak izango dituela liburutegiak, taldean lan egiteko guneak ere, eta Gazte Informazio Bulego bezala erabiltzeko mostradorea jarriko dutela. Horrez gain, bertara sartzeko San Juan plazako obalotik arrapala bat egitea aurreikusi dute. Eta KZguneak ere tokia izango du bertan.
San Juan-Etxeandia plazaren biziberritze integralaren barruan ulertu behar da bertako behealdean jarriko duten liburutegia. Egitasmo horren gainekoak erabakitzeko parte hartze prozesua abiatu zuela gogorarazi dute gaur udaleko ordezkariek, eta irundarrel emandako botoen bitartez hautatu zela egitasmo hori. Hala, San Juanen kanpoaldea berria izateaz gain, beheko lehen solairuan liburutegia izango du, eta -2 eta -3 solairuetan ordainpeko aparkalekuak martxan daude. Uzcanga Arquitectos estudioak landu du liburutegiaren proiektua, San Juan birmoldatzeko egitasmoa hark irabazi zuelako.
Antolamendu sinplea
Udaleko kideek esan dutenez, liburutegiaren egitasmoaren antolamendu kontzeptua “sinplea” da. Ia hormarik gabekoa da, zabala, eta argi naturalaren garrantzia handia izango da. Banatutako guneak ertzetan jarriko dituzte, eta horietan 100 bat lagunentzako ikasketa aretoak egongo dira, baita bulego txiki batzuk ere. Haur liburutegiak funtzionamendu autonomoa izango du, nahiz eta ikuspen aldetik gune nagusiarekin lotura izan. Horrela, 5.120 metro koadroko azalera du San Juango -1 solairuak, eta horietatik 2.550 hartuko ditu liburutegiak, lehenengo fasean. Fase horren barruan ikasketa aretoak eta ordenagailuak era askean erabiltzeko aukera egongo da.