Etzi hasiko dira Errenteria-Oreretako Gaztaño auzoko jaiak. Auzo horretako bizilagunak nahiz baita gainontzeko herritarrak ere zain egon diren jaiak. Urtero herrialde bati egiten diote keinu eta aurten, Galiziaren txanda izango da. Beraz, gaita,
queimada eta Galiziarekin lotutako bestelako elementuak jasoko dituzte aurtengo jaiek.
Txupinazoarekin inauguratuko dituzte jaiak. Aurretik, ordea, Xalto eta Brinko pailazoen emanaldiarekin primeran pasatzeko aukera izango dute haur zein gurasoek. Txupinazoaren ondoren, berriz, auzoa jai giroan murgilduko da. Gauean, gazteentzako txanda izango da kontzertuekin: Ixuriak (Gaztaño), Basura (Errenteria-Orereta), Sutura (Trintxerpe) eta The Brosas (Galizia) izango dira erritmoa jarriko dutenak.
Hurrengo eguneko ekitaldi nagusia krosa izango da, goizean. Aurten bigarrenez egingo dute, eta oraindik parte hartzeko interesa duenak
herrikrosa.com webgunean egin dezake. Egunean bertan ere egiteko aukera izango da. Prezioa ez da aldatuko: aurretik edo egunean bertan 9 euro balio du. Ibilbidea iazko bezalakoa izango da, eta 6 kilometro korritu beharko dituzte parte hartzaileek. 10:30ean jarriko dira martxan. Aurtengo berritasun nagusia, haur krosa izango da.
Izerdia botata, indarrak hartzeko txanda helduko da afarian. Gaztañoko plazan elkartuko dira horretarako. Entsalada, bakailao tortilla, saiheskia, gazta, intxaurrak, ogia edari eta kopa jasoko dituzte animatzen direnek. Gauean, queimada sorgintzeko aukera izango dute edabe hori probatzen dutenek, ea ondoren, DJ Bullek dantzan jarriko dituzte.
Iganderako zaharrenei begira jarri da jai batzordea, eta gazte izandakoen bazkaria antolatu dute. Arratsaldean, Mundutik Gaztañora eta Gaztañotik Mundura ekimena egingo dute; munduko zenbait txokotako musika, dantzak, janariak eta edariak ezagutu eta probatzeko beta.
San Juan suarekin bukatuko dira festak hurrengo igandean. Janari eta edariaz lagunduta joango dira ekimen guztiak. Zezensuzkoarekin datorren urtera arte esango diete agur.
Egitaraua
Etzi, ostirala
- 18:00: Xalto eta Brinko pailazoak.
- Jarraian: Maritxuren jaitsiera eta txupinazoa.
- Ondoren: Buruhandiak.
- Gero: Patata tortilla lehiaketa.
- 20:00: Iratxo iturria irekiko dute.
- 23:00: Gaztañorock: Ixuriak, Basura, Sutura eta The Brosas taldeen kontzertua, plazan.
Larunbata
- 10:30: Gaztañoko II. Krosa eta Haur Krosa.
- Gero: Poteoa.
- 16:00: Mus txapelketa, Bukagaitz elkartean.
- 17:00: Haur jolasak (bainujantzia eramateko gomendatu dute).
- 21:00: Afaria, Gaztañoko plazan.
- 23:00: Kontzertuak, gaztetxean.
- 00:00: Queimada.
- Ondoren: DJ Bull, plazan.
Igandea
- 12:00: Toka eta bote txapelketa.
- 14:00: Gazte izandakoen bazkaria.
- 18:00: Mundutik Gaztañora eta Gaztañotik mundura.
Igandea 23
- 18:00: Haur jolasak.
- Arratsaldean zehar: afari merienda.
- Iluntzean: Sua piztea, eta San Juan sua.
- Ondoren: Zezensuzkoa.