PSE-EEk Txingudi Saskibaloia eta Bidasoa XXI Igeriketa Elkarteko arduradunen agerraldia eskatu du Eusko Legebiltzarrean, euren arloetako maila gorenean lehiatzen diren bi taldeen egoera ekonomiko larria zein den eta 2013ko aurrekontu egitasmoa erretiratzeak eragin dien kaltea azal dezaten. Bihar, asteazkenarekin, eskualdeko bi kirol talde horietako arduradunak izango dira Gasteizen azalpenak ematen.
Leire Aranburu Txingudi Saskibaloi Elkarteko presidentea
Sozialistek salatu dute “Urkulluren aurrekontuak” Patxi Lopez lehendakariaren Jaurlaritzak Txingudi Saskibaloiari eman zion 90.000 euroko diru laguntza eta Bidasoa XXI taldearen 30.000 diru laguntzak “ezabatu” dituela eta gobernuari “sentsibilitatea” eskatu dio.
Jesus Zaballos legebiltzarkide sozialistak sinatu ditu bi agerraldi eskaerak eta, eskaeran, diru murrizketek kirol taldeei eta federazioei ez eragitea eskatu du. Halaber, Bidasoko bi taldeen garrantzia nabarmendu du Zaballosek: “Bidasoa talde indartsua da, urte gutxitan bere igerilariak Espainiako txapeldunak eta selekzioko partaideak izatea lortu duena eta Txingudi Saskibaloia Gipuzkoako emakumeen saskibaloiaren bandera-ontzia da”.