
Dantza sormenerako zentroa irekiko dute Lekuonan
Gaur landuko dute Errenteriako PSE-EEk berak aurkeztuta kultur azpiegituren gaia ez-ohiko udalbatzarrean, 16:30ean, baina aurretik bere jarreraren berri eman du. Hala, udalak duen kultur azpiegituren proposamenarekin ez duela bat egiten jakinarazi du talde sozialistak: “8 milioi euroko gastua du bere proiektuak eta Errenteria Musikalek bere instalazioak handitu edo moldatzeko aukerari ez dio etekinik ateratzen”. Haatik, PSE-EEk duen proposamen “arrazional eta ekonomikoagoa” egin duela jakinarazi du, “kultur bizitza zerbitzu publikoarekin osatzen du, eta liburutegia sustatzen du erdigune bezala”.
Lekuona urtean zehar milaka herritarrek erabiltzeko moduko eraikina izan behar duela uste du talde sozialistak, eta liburutegiaz gain, beste zerbitzu batzuk eman behar dituela: kontsumitzailearen bulegoa, KZgunea, Gazteen Informazio Bulegoa, Oarsoaldeko Enplegu Saila edo etorkizuneko Herritarren Arreta Zerbitzua.
Lan horiek 4 milioi euroko inbertsioarekin egin daitezkeela uste du: “Liburutegiak 10.000 bazkide ditu, eta urtean 70.000 bisita eta 45.000 mailegu. Beste zerbitzu batzuk batuta, herri eta eskualdeko erabilera eman ahal zaio”.
Udal Gobernu Taldearen proposamenarekin lotuta aldaketa batzuk ere proposatu ditu PSE-EEk, eta liburutegia Lekuonara eramanda, Dantzagunearekin lotutako ostatua liburutegiaren eraikinean egitea, eta Torrekua “berritua izan zen helburura bueltatzea: jantzi museoa”. PSE-EEren iritziz, “modu horretara, ez lirateke Kapitain-Enea museo izateko lanak egin beharko, ez Koldo Mitxelena-Biterin lanik egin beharko, ezta Torrekua ostatu izatera moldatu beharko”. 3 milioi euro aurreztuko liratekeela adierazi du talde sozialistak. Dantzagunea, berriz, Errenteria Hiria Kulturgunera eramatea proposatu du.
Proposamen horiek talde politiko guztiek osatutako batzorde batek lantzeko eskatu du PSE-EEk, zerbitzu teknikoekin batera. Euren proposamena “irekia” dela esan du, eta beste alternatibak entzuteko “prest” dagoela.