Kirol jarduera euskara hutsean izan behar dela uste du Perez de San Romanek
Errenteria-Orereta, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako udalek lau herrietako kirol eskaintza osoa euskaraz izateko duten konpromisoa berretsi dute gaur goizean Errenteria-Oreretako udaletxeko biltzar aretoan Oarsoaldeko lau alkateek eginiko agerraldian eta eskualdeko kirol elkarteei eskaera egin diete, euren eskaintza ere euskara hutsean egin dezaten.
Anfitrioi lanetan jardun duen Julen Mendoza alkate errenteriarrak “egun Oarsoaldean 12 urte arteko haur eta gazteei zuzenduriko udalen kirol eskaintza guztia euskaraz” egiten dela nabarmendu du eta eskola kirola ere “osoki euskaraz” egiten dela. Lorpen hori, “azken 15 urtean gure kirol eta euskara zerbitzuek ikastetxeekin batera egindako lanari esker” lortu dela gehitu du Mendozak. “Pausu bat gehiago eman nahi dugu eta udalak eta ikastetxeek emandako konpromisoa kirol elkarteekin egin nahi dugu”. Hala, kirol elkarteei eskaera egin diete lau alkateek, eurek antolatzen dituzten 12 urte arteko haurrentzako kirol eskaintza euskara hutsean izatea.
Nolanahi ere, eskualdean bi errealitate oso desberdin daudela aitortu zuen Errenteriako alkateak, “Oiartzun eta Lezo errealitate bat dira eta Pasaia eta Errenteria oso bestelako errealitatea gara. Deia bereziki bi herri hauetan zuzenduta dago, Errenterian eta Pasaian”, kirol eskaintza euskaraz izateko bidean aurreratuta daudelako Lezon zein Oiartzunen.
Lau alkateak goizeko agerraldian
Azken herri horretako, Oiartzungo mandatari Aiora Perez de San Romanek “egun hezkuntza sistemak eskualdeko haur eta gazte guztiek euskaraz jakitea” bermatzen duela azpimarratu du, baina bere hitzen arabera, hori ez da nahikoa: “Euskararen erabateko normalizazioa lortuko badugu, beste alor batzuekiko elkarreragina ezinbestekoa da, osagarritasuna lortze aldera eta, hala, prozesua indartzeko, hezkuntza araututik kanpora ere euskarazko eskaintza behar dute”. Horretarako kirol jarduera euskara hutsean izatea “ezinbestekoa” dela uste du Perez de San Romanek.
Udalen baliabideak elkarteen esku
2008an lau udalek hartutako konpromisoaren balioa argi utzi dute gaur goizeko ekitaldian eta kirol arlora zabaltzeko eskaera luzatu dute. “Gonbite berezia egin nahi diegu kirol elkarteei konpromiso horri eutsi eta kirol eskaintza osoa euskaraz izateko urratsak egiten segi dezaten”, esan du Ainhoa Zabalo Lezoko alkateak eta “lan horretan udalen laguntza eta babes osoa izango dutela” jakinarazi du.
Hitza hartzen laugarrenak, Pasaiako alkate Amaia Agirregabiriak, falta diren hutsuneak betetzeko unea dela adierazi du: “Lehenik eta behin aitortu behar da eta eskerrak eman behar zaie euskarazko eskaintza egiten duten elkarteei, baina oraindik geratzen diren gabeziak zuzentzeko momentua iritsi da eskaintza % 100ean euskaraz izateko, eta bide horretan kirol elkarteek udalen baliabide guztiak euren esku izango dituzte”.
Bukatzeko, gaurko agerraldiaren helburua zein den gogorarazi du Errenteria-Oreretako alkateak, “12 urte arteko kirol eskaintza osoa euskara hutsean izatea eta, horretarako, dudarik gabe elkarteek paper hori bete beharko dute”. Mendozak jakinarazi duenez, LH3tik LH5 ikastetxeetan eskuorriak banatu dituzte, “ikasleek gurasoei emateko”, gurasoek jarduerak euskaraz izatea eskatu dezaten. Eskuorri horiek elkarteei ere banatu zaiela esan du Mendozak.