Ia prest dago madalenetako egitaraua
Jai Batzordea lan eta lan ari da azken asteotan, eta ia osatuta dauka madalenetako egitaraua, joan den ostiraleko bileran jakinarazi zuenez. Zirriborroa dagoeneko prest dutela jakinarazi zuen bilera horretan Irune Balentziaga Kultura zinegotziak, eta talde guztiei bidali behar dietela zuzenketak egiteko.
Musika izan zen batez ere bilera horretan landu zutena. Hala, hainbat agertoki jarriko dituzte herri osoan. Txosna gunean, rock musika entzun ahal izango da gehienbat; Zumardian, dantzaldia eta dj-ak; Xabier Olaskoaga plazan, euskal kantak; beste guneak, Foru plaza, euskal gunea eta Gernika plaza izango dira. Publiko zabalari zuzendutako musika egitaraua prestatuko dutela gaineratu zuen Balentziagak. Kontzertu horietan, egunero, Errenteria-Oreretako talde bat entzuteko aukera izango dela azaldu zuen Kultura zinegotziak.
Ekainaren 21ean hurrengoa
Hurrengo bilera ekainaren 21ean izango da, 19:00etan Merkatuzarren. Bertan, iazko ekintzen jarraipena egin zuen taldearen proposamen eta balorazioak landu, eta madalenetako logo lehiaketara aurkeztutako herriko jaien marka izango duen lana aukeratuko dute.