Espainiako Txapelketan lehiatuko da Ion Areitio asteburuan
Asteburuan Espainiako Trialsin Txapelketa egingo dute Granadako Huetor Vega herrian (Andaluzia, Espainia) eta bertan izango da Ion Areitio txirrindulari hondarribiarra. Podiora igotzeko borrokan izango da Areitio.
Joan den asteburuan Arditurrin lehiatu zen, Euskadiko Txapelketako bigarren proban —lehena Irunen, Puianan egin zuten duela bi aste—. Oiartzunen eguraldiak erabat baldintzatu zuen bai ibilbidea, baita parte hartzea ere. Elite mailan esaterako, Areitio izan zen parte hartzaile bakarra.
Neguan eta udaberrian izandako eguraldia kontuan izanik, Areitiok ezin izan du behar bezala entrenatu, baina sasoi onean dagoela adierazi du. Denboraldiko une garrantzitsuetako baten aurrean dago hondarribiarra, Espainiako Txapelketaren ondoren Europakoa datorrelako. Suitzan izango da aurten Europako Trialsin Txapelketa, Berna hiriburuan, hilaren 20tik 23ra.