Zubietako errauste planta behin betiko gelditzea eskatuko duen manifestazioa egingo dute larunbatean Donostian. Bulebarretik aterako da, 17:30ean, eta bertara joateko gonbitea luzatu dute hainbat eragilek. Deialdia egin dutenen artean Sortu, Ezker Anitza, Ezker Batua edo Gorripidea bezalako eragile politikoak daude, baita CCOO, ESK eta EILAS sindikatuak ere, edo talde ekologistak, errausketaren aurkako herri plataformen koordinakundeaz gain.
Gogorarazi dutenez, errauste planta behin-behinean geldituta dago, “baina behin betiko geldiketa ez da iritsi oraindik”. Gainera, aurreko arduradun politikoek “inongo zilegitasunik gabe”, errauste planta “atzera bueltarik gabekoa” egin nahi zutela salatu dute: “Banketxeekin abusuzko baldintza batzuk sinatu zituzten, bereziki garestiak proiektua gelditzekotan edo bertan behera uztekotan eta mailegua aurretiaz kitatzekotan. Eta hori, errauste planta eraikitzeko eta ustiatzeko kontratua esleitu zitzaien enpresek, lizitazio prozesuan irregulartasun ugari aurkituagatik, kontratua etetzeagatik edo/eta deuseztatzeagatik exijitu nahi dituzten kalte ordainez aparte”.

Errausketaren aurkako manifestazioa deitzeko prentsaurrekoa.
Eragile horiek errausketa gelditzearena “bide onetik” doala uste duten arren, adierazi dute ezin dela pentsatu errausketaren arazoa eta hondakinena “konponduta” dagoenik. “Herrietan, ahalik eta bilketa selektibo tasarik altuenak bermatzen dituzten hondakinen gaikako bilketak ezarri behar dira, eta errauste planta behin betiko uztea”, zehaztu dute. Gainera, PIGRUGen aurrerapen dokumentuan jasotako azpiegiturak martxan jartzea eskatu dute.
“Bakarrik” ez daudela nabarmendu dute: “Europak Gipuzkoan egiten ari den lana onetsi eta babestu egiten du. Foru Aldundiko eta Partzuergoko egungo arduradunek plazaratutako PIGRUGen DdP delakoaren Garapen Estrategia eta Gipuzkoako herri aurreratuenen jokabidea eredugarritzat jo dituzte”. Horregatik guztiagatik, esan dute Gipuzkoa “Zero Zabor Lurraldea” bihurtzeko “inoiz baino ahalegin handiagoa” egin behar dela.