Lekuonan erabilera anitzeko kulturgunea aldarrikatu du Errenteriako EAJk
Bihar arratsaldean, 16:00etatik aurrera, kultur ekipamenduen gaineko plenoa egingo dute. Errenteriako EAJren udal taldeak Lekuonan egin nahi duten kultur ekipamenduaren gaineko jarrera azaldu. Horrela, Dantzagunea bertan jartzeko erabakia txalotu dute, baina “gure herriak dituen behar kulturalei erantzuna emango dion auditorioa” aldarrikatu dute jeltzaleek. Maite Peña udal taldeko bozeramalearen arabera, eurak Dantzagunearen alde daude, “Gipuzkoa mailako proiektu bat Errenterian kokatzea pasatzen utzi ezin daitekeen aukera delako”.
Hala ere, jeltzaleek uste dute Lekuona ez dela Dantzagunera bakarrik mugatu behar: “Guk proposatzen dugun kontzeptua leku zabalago batean datza. Dantzaguneaz gain, Lekuonan auditorio handiago bat egiteko proposamena plazaratu nahi dugu”. Auditorio hori Niessenen dagoena baino handiagoa izan behar lukeela zehaztu du Peñak: “Beharrizanen arabera moldatu beharko litzateke ikusle kopurua, batzuetan 500ekoa eta beste batzuetan 800ekoa, adibide bat jartzeagatik. Argi dago gauza finkoek herri honetan ez dutela funtzionatzen”. Auditorio horrek herriko kultur taldeen eskaerari erantzungo liekeela uste dute.
Beste finantziazio mota bat
Lekuona eraberritzeko obrek 4’8 milioi euro balio dute, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Errenteriako Udalaren artean erdibana ordainduko dute. Hitzarmena “gaizki kudeatzea” egotzi dio EAJk Bilduko gobernu taldeari. “Gure udala hipotekatuko duela uste dugu”, adierazi du Peñak, eta horregatik kanpoko finantzazioa bilatzeko eskatu dio gobernu taldeari. Gainera, erakunde bakoitzak %50 ordaintzea ez dute gustuko, “Gipuzkoako osorako izango den eraikina delako”. Horrez gain, Dantzagunea hiru urtez Niessenen egoteak 250.000 euro inguruko gastua suposatuko dio udalari, eta “gehiegizkoa” iruditzen zaio EAJri.
Bestalde, kultur ekipamenduaz gain, hiri hondakinen gaia tratatuko dute biharko ezohiko plenoan.