Buru gaixotasunetan familiaren papera aztertuko dute bihar Zuloaga Etxean
Familiak buru gaixotasunaren orekatze prozesuan duen papera azalduko du Agifes elkarteak bihar, asteartearekin, Hondarribiko Zuloaga Etxean, 19:00etan, gazteleraz. Yolanda Iglesias psikologoak emango du hitzaldia eta, Agifesetik azaldu dutenez, “senideen arteko harremanak sendotzeko aholkuak emango ditu, eta krisi egoerak identifikatu eta horiei irtenbidea emateko moduak azalduko ditu. Era berean, buru nahasmenduak dituzten pertsonez arduratzen diren senideek euren burua zaintzeko beharra dutela azpimarratuko du, ez dezaten norbere buru osasuna kaltetu”.
Hitzaldia, Imajinatu buru osasuna guztion eskura goiburuko kanpainaren barruan kokatzen da. Kanpaina horrekin, “buru gaixotasunen inguruko informazio errealagoa” eskaini nahi du Agifesek, “aurreiritzi eta mitoak gainditzen laguntzeko asmoz”. Iglesiasekin batera, Ruth Encinas elkartearen kudeatzailea izango da Zuloaga Etxeko hitzaldian.