Txikia eta birakaria
Txantxa zirudien. Baina ez. Goizaldean, egunari begirako albisteen prebisioen zerrendan, EFE agentziak emandakoak izaten dira begiratzen ditudanetako batzuk. Goizaldeko lehen orduetan botatzen du agentzia horrek hamarren bat albisteren aurrerapena jasotzen duen teletipoa Será noticia izenpean. Hantxe jasotzen dira egunari (estatuan) aurrez iragar dakizkiokeen albiste nagusiak, bakoitza sei edo zazpi lerrotan.
Ekainaren 3ko dokumentua inoizko bitxiena iruditu zitzaidan. Lehen prebisioak honela zioen, euskaratuta jakina: «Gaur hiru hilabete egin zioten Erregeari hernia diskal bikoitzeko ebakuntza». Ondorengo lerroetan errekuperazioa ondo zihoala zioen. Bigarren albisteak EAJk eta PSEk goi mailako akordio bila egitekoa zuten lehen bileraren iragarpena egiten zuen. Eta horrela, esan bezala, hamarren bat albisteren zerrenda amaitu arte.
EFE agentziaren teletipo historiko hura irakurrita, txundituta jakina, mezuaren zergatia bilatzen saiatu nintzen. Eta aurkitu nuen erantzun bakarra zera izan zen: nondik edo handik garbitu beharra zegoela horren higatua eta zikindua dagoen koroa; Nóos eta Amazon moduko izen ustelek gero eta gehiago zipriztintzen dutena.
Horra, bada, Troika itsumutil duen estatu bateko lehen albistea 2013ko ekainaren 3an, Barcenas, Gurtel, Lomce, langabezia, euskal auzia eta beste horrenbeste albiste lapikoan borbor edukita.
Sakonago pentsatzen jarrita, estatu horren esku dago milaka euskal langileren etorkizuna, uztailaren 7ko Damoklesen ezpata soldatako zenbakien gainean dutelarik. Estatu horren esku dago euskal hezkuntzako eragile guztiek (baita Eusko Jaurlaritzak ere) eraso eta inposaketatzat jo duten Wert edo Lomce izeneko erreforma-legearen gauzatzea. Estatu horren esku dago euskal auziari behin betiko konponbidea ematea: ETAren desarmeari bide ematea; euskal presoak etxera bidean jartzea; gatazkak modu zibilizatuan amai bidean jartzeko egiten den moduan, elkarrizketa ahalbidetzea…
Euskal gizarteari bete-betean eragiten dizkioten gaien giltza du, berriz ere, Espainiako Estatuak. Eta, gehiegi sinplifikatzeko arriskua hartuta, esan genezake ez dela deus egiten ari. Izan ere, agintean dagoen alderdiak badu etxean aurreko lanik. Nor ausartuko da alderdi popular horretan Euskal Herriaren edota Kataluniaren alde deus egiten, etxean halako aginte-gerrak, ustelkeria kasuak eta gisakoak edukita. Bistan da Madrilgo zentralismoak ez duela café para todos politika mugitzeko asmorik, descafeinado para todos aukeraren alde egiteko ez bada.
Analisi arin eta baldar honetan ezin da aipatu gabe utzi maiatzaren 30ean Euskal Herrian egindako greba; neurri handi batean, Madrilekiko lan loturak apurtzea eskatzeko egin zena. Analisi arin eta baldar honetan ezin da aipatu gabe utzi aste honetan bertan Auzitegi Konstituzionalak bizkar eman diola Bateragune auziko espetxeratuak libre uzteari, babes-helegitearen inguruko erabakia hartu bitartean. Analisi arin eta baldar honetan segituko genuke argudioak ematen eta ematen, ETAk indarkeria utzi ondorengo egoeran, herriko tabernen auzia epai bidean jarri dutela gogoratuta. Analisi arin eta baldar honetan gogoratu beharra dago Frantziako Estatuak ezezkoa eman diola Ipar Euskal Herrian aldarri orokor bihurtuta dagoen Euskal Elkargoari.
Behin eta berriz errepikatzen den gai honetan bistan da Madrilek eta Parisek errotuta dutela Euskal Herriari lotutako gai zentrifugoetan erdigunerako indarra egitea; alegia, gure hegoaldea eta iparraldea kate motzean lotzea. Galdera bera ere historikoa da: Zer egin? Lan eta hezkuntza alorretatik behin eta berriz ari dira etxeko esparruaren defentsa aldarrikatzen. Ez dira hitz hutsak. Hitzak ekintza bihurtzean datza gakoa. «Desobedientziaren bidea ere jorratu beharko dugu hezkuntzan», esan dute batzuek; «lan harremanetarako euskal esparrua lortu behar dugu», esan dute besteek.
Hortxe dago katalanek abiatu duten bidea. Berriz ere, asko ikas genezake erakusleiho horretan. Bitartean, ez dezagun ahantz Jorge Oteizaren poesiak gogorarazi ziguna: …txikia eta birakaria/ aintzinakoa eta birakaria/ lehen eta birakaria/ bihar (behar bada bihar)… Noizbait esango beharko diogu «aski» inertzia historiko horri.