Scoot erakustaldiarekin abiatuko da 11:00etan Bikingo Egunaren bigarren jardunaldia
Europako SUP (Surf Up Paddle) Txapelketako zirkuituko proba bat egingo dute bihar Hondarribian, HS2 klubak antolatutako III. Bikingo Egunaren harira. Egitarau benetan potoloa dakar aurtengo Bikingo Egunak, hiru jardunaldiko kultur eta kirol ospakizuna izango baita. Atzo hasi zen Itsas Etxea Auditoriumean Axi Muniain surflariak eta Espainiako surf selekzioko gidari eta Aritz Aranbururen entrenatzaile Aitor Frantzesena Gallo-ren hitzaldi-proiekzioarekin. Tokiko surflariei egindako argazkiak ikusteko aukera ere izan zen atzo Itsas Etxean.
Igandean, SUP modalitatean, kontinenteko surflari onenak lehiatzen ikusteko aukera izango da Hondarribian. Elite Mailako Europako Txapelketarako «14 kilometroko ibilbide erakargarria» antolatu dutela esan du Iñaki Navascues Bikingo Egunaren HS2ren presidenteak. Kai Zaharretik abiatuko da eta Hendaiako Dunbetaraino joan eta gero, kirolariak Jaizkibel aldera itzuliko dira, Fraileen hondartzaraino. Han buelta eman eta taulak Kai Zaharrera begira jarriko dituzte, irtengo diren leku berean helmugaratzeko.
SUP txapelketa ekitaldi nagusia izango den arren, beste hainbat izango dira. Gaur, esaterako, erakustaldiak izango dira egun osoan, Hondartzako skate parkean eta Butroi pasealekuan. 11:00etan hasiko dira, skate parkean, scoot txapelketarekin. Dirt jump, water jump, long skate, skate slalom, BMX… Txapelketak ere izango dira, hawaiar kanoa eta scoot modalitateenak, besteak beste. Azken honetan Ryan McNamara rider profesionala gonbidatu dute antolatzaileek. Erakustaldia emango du McNamarak eta haren sinadura lortzeko aukera izango dute zaleek. Jardunaldia bukatzeko, festa bat prestatuko dute Uxoa tabernan.
Bihar, azkenik, SUP Txapelketaren egunean, surfari lotutako azoka antolatuko dute Butroi pasealekuan, saltzeko eta informazioa emateko. Besteak beste, Aurreratu elkarteko kideak egokitutako surfa praktikatzen izango dira, Angeluko (Lapurdi) Woo enpresak Hego Euskal Herrian ezezagunak diren hawaiar kanoak erakutsiko ditu, eta 12 oin baino gutxiago duten all round taulak probatzeko aukera izango da.