Euskadiko Trialsin Txapelketa jokatuko dute gaur
Euskadiko Trialsin Txapelketako bigarren proba jokoan izango da gaur arratsaldean Oiartzungo Arditurriko eremuan. 16:30etik 19:30era ibiliko dira trialsin txirrindulariak orekarekin lehian Aiako Harriaren inguruan. Euskaltrial Txirrindulari Klubak antolatu du proba, eta Oiartzungo Udalaren babesa eta laguntza du.
Antolatzaileek jakinarazi dute parte hartzaileen artean Oarsoaldeko eta Bidasoko hainbat kirolari izango direla, baina Euskal Herriko beste hainbat txokotatik ere iritsiko dira lehiakideak, horietatik zenbait kirol horren barruko izen handiak. Txapelketaren bigarren proba izango da Oiartzungoa; lehena Irunen egin zuten.
Areitio, faborito
Elite Mailan, mailarik gorenean, Ion Areitio hondarribiarra izango da garaipena etxera eramateko faborito nagusia. Irungo Puianako eremuan egin zen txapelketako lehen proba irabazi zuen maiatzaren 25ean, eta Arditurrin errepikatu nahi du garaipen hori.
Gainera, Munduko Kopan dabil lehian hondarribiarra. Hala, aurreko asteburuan Polonian izan zen lehian —lehia horretako bigarrena izan zen— , eta hirugarren postuan sailkatu zen. Finalaren atarian bosgarren geratu zen, eta finalean hirugarren. Posturik onena lauko superfinalean lortu zuen, bigarrena, baina ezin izan zuen Comas katalanak finalean ateratako tartea murriztu, eta podiumeko hirugarren koskara igo zen.
Gaur, hortaz, trialsin txirrindularien mailarekin eta Arditurriko parajeekin gozatzeko aukera paregabea izango da.