Irungo San Juango hotela egitekoa zen enpresak uko egin dio egitasmoari
Mugaburu SL enpresak uko egin dio Irungo San Juan plazako hotela eraikitzeko eta ustiatzeko eskubideari. Udalak esleitu zion ardura hori, eta herenegun arratsaldean gutuna jaso zuten udalean enpresaren erabakiarekin. Udala esan du “harrituta” dagoela erabaki horrekin, eta “atsekabez” hartu duela ziurtatu du. Enpresaren gutunean agertzen denez, kontratuari uko egin diote egoera ekonomikoa “ezegonkorra” delako, eta “finantzazio falta” dutelako. Gainera, ostalaritza ekipamenduaren hainbat lokal hartuko dituztenen gaineko zalantza ere agertu du Mugaburuk, lehen aipatutako arrazoiengatik.
Duela urtebete baino gutxiago esleitu zion udalak enpresa horri San Juan plazaren behin betiko konfigurazioa osatuko lukeen egitasmoa egiteko ardura. Udalak jakinarazi du Bozeramaileen Batzordeari eman diotela jada erabakiaren berri, eta gainera, enpresaren erabakiak zein ondorio izan ditzakeen aztertuko duela.
Lau izarreko hotela
2012ko uztailaren 25ean esleitu zion Irungo Udalak Mugaburu enpresari hotelaren eraikina egiteko kontratua. Lau izarreko hotela ziren egitekoak, 71 gelakoa (lehen solairutik hirugarrenera). Azken solairuan ostalaritzarako eta ekitaldiak egiteko lokalak zeuden aurreikusita, eta behealdean kafetegi bat egiteko nahiz komertzioetarako tartea izango luke. 60 urtekoa zen esleipena.